Joan den astean espioitzaz akusatuta atxilotuak zituen lau militar errusiar ESKE Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Erakundearen esku utzi zituen atzo Georgiak. Horiek gero Moskura eraman zituzten, hegazkinez. Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik esan zuen entrega ez zela Errusiak Georgiari eginiko presioaren ondorioa, ezta erronka ere. Ustezko espioiak deportatzen ari zirela, Moskuk bere mehatxuak bete eta zigor ekonomikoak ezarri zizkion Georgiari, bi estatuon arteko garraio zein komunikazio bideak eta posta bidezko bidalketak etenda.
Georgiaren eta Errusiaren arteko harremanak areago gaiztotzea eragin duen azken gertakaria iragan astean gertatu zen. Ustezko espioitza kasuan Georgiak militar errusiarrak atxilotu ondoren, Tbilisin duen enbaxadorea eta beste zenbait langile eta haien familiak handik ateratzeko agindu, eta Moskura eraman zituen ostiralean Errusiako Gobernuak. Horrez gain, georgiarrei Errusiarako bisak emateko bulegoa itxi zuen Moskuk, eta errusiarrei Georgiara ez bidaiatzea galdegin zien, «arriskua» egon zitekeela argudiatuta. Georgian dauden soldadu errusiarrei eta haien senideei kalera ez ateratzeko eskatu zien Errusiak, «probokazioak saihesteko».
Atzo Putinek AEBetako presidenteari ohartarazi zion arriskutsua izan daitekeela Kaukaso eskualdeko arazoetan beste estatu batzuek parte hartzea. «Onartezina da, eta eskualdeko egonkortasun eta bakerako arriskutsua, beste herrialde batzuek esku hartzea, Georgiako agintariek beren politika suntsitzailerako bultzadatzat har baitezakete».
AEBek esan zuten Errusiaren eta Georgiaren artekoa bi horien auzia dela, bi aldekoa soilik.
Bitartean, Europako Batasuneko oraingo presidentetzak, Finlandiak, Tbilisiri eta Moskuri «probokaziotzat har daitekeen ekintzarik» ez egiteko eskatu zien. EBko hainbat ordezkari dira gaur Tbilisira joatekoak, krisiari konponbidea jartzeko bitartekari aritzeko asmoarekin.
KRISI DIPLOMATIKO LATZA. Ostiralean, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek «subertsibotzat» jo zuen Georgiaren jokabidea, eta hura Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan salatuko zuela ohartarazi zuen. Igandean, gainera, Errusiako presidente Vladimir Putinek «estatu terrorismoaz eta bahituak hartzeaz» akusatu zuen Georgiako Gobernua. Georgiari bere aliatuen atzean -AEBak, NATO eta EB- «babesten» zela leporatu zion Putinek.
Guela Bejuashvili Atzerri ministroak ordezkatu zuen Georgiako Gobernua presoen entregan, atzo. Georgiako Fiskaltzaren ordezkari batek militar errusiarrei jakinarazi zien «deportatu» egiten zituztela eta ezingo zutela etorkizunean Georgiara sartu, «espioitza lanetan parte hartzeagatik».
Tbilisiko gobernuak espioitzat jotzen dituen lau militar horiek, beste bi gehiago eta hamar zibil georgiar joan den astean atxilotu zituzten. Horietako lauri bi hilabeteko behin-behineko atxiloaldia ezarri zieten. Horrek guztiak krisi diplomatiko larria eragin zuen Georgiaren eta Errusiaren artean.
Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik ESKEko presidente Karel de Guchti esan zion ofizial errusiarren atxiloketa ez zela Moskuri botatako erronka. «Espioitza sare bat indargabetu dugu, eta nazioarteko arauen arabera ekinda». De Guchtek, bestalde, Moskuk lasaitasuna eta harremanak onbidean jarriko dituen pausoa emango duen esperantza azaldu zuen. «Herrialde auzoek harreman onak izan behar dituzte, eta Errusiak Georgiari ezarritako blokeoa aurki kentzea espero dugu».
BLOKEO KALTEGARRIA. Georgiako Barne ministro Vano Merabishvilik ostiralean salatu zuen atxilotutakoak, GRU Errusiako Informazio Zerbitzu Militarreko kideak, «espioitza lanetan» aritu zirela hainbat hilabetetan, «Georgiaren eta NATOren arteko elkarlanaz, energia arloaz, armamentuaz eta garraio bideez informazioa biltzen».
Moskuk Georgiari lurrez, airez eta itsasoz ezarritako blokeoaz mintzo, atzo Saakashvilik esan zuen ez dela «eragingarria» izango, eta «mundu zibilizaturako onartezina» dela. «Ez gara Errusiak Georgiaren aurka ekintza militarrak hastearen beldur, eta ukatu egiten ditugu gu gerrarako prestatzen ari garela dioten adierazpenak».
Errusiak ezarritako blokeoaren eragina kaltegarria izango da georgiarrentzat, horietako milaka baitabiltza Errusian lanean, eta blokeoak iraunez gero, ezingo dituzte irabaziak beren senideei bidali. Familia asko irabazi horien mende bizi dira Georgian, eta horren Barne Produktu Gordinaren %20 osatzen dute diru transferentzia horiek.
Bi estatuon artean harremanakhausteko arriskuaz, Georgiako presidenteak adierazi zuen Tbilisik ez duela halakoriki egiteko asmorik, baina ez dagoela oso argi Moskuk hori egingo zuen.
Nolanahi ere, gaur Errusiako Senatuak Georgiari energia eta ekonomia arloko zigorrak ere ezartzeko aukera eztabaidatuko du. Duma ere (Legebiltzarra) bide horretan mugitzen hasi da, eta banku bidezko transferentziak eta posta bidezko diru bidalketak debekatzeko eskumena Gobernuari emateko lege zuzenketak idatzi dituzte diputatuek.
ANEXIO AKUSAZIOAK. Georgia Errusiatik urrundu eta NATO eta Europako Batasunera hurbildu zenetik (2004) gaiztotu dira haien arteko harremanak.Saakashvili presidenteak --2003tik dago agintean--NATOn sartu nahi du Georgia, eta har Abkhaziarekiko eta Hego Osetiarekiko lehen zuen subiranotasun osoa berrezarri. Bi herrialdeotan tropak ditu Errusiak, «bake misioan». Errusiari herrialde horietako independentistak babestu eta herrialdeok «anexionatu» nahi izana leporatu dio Georgiak. Anexioa, hango biztanleei pasaporte errusiarra emanda, «ezkutuan» egin nahi duela dio.
Georgiaren kontrako itsas, aire eta lurreko blokeoa ezarri du Errusiak
Georgiak espioitzaz akusatutako lau militar errusiarrak entregatu arren hartu du neurria Moskuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu