Mundua

Georgiari buruzko ebazpen proposamena atzera bota du Moskuk NBEn

Errusiako tropak Georgiatik ateratzeko eskaera eta Georgiaren lurralde batasuna aldarrikatzen du Frantziak aurkeztutako proposamenak. Errusiaren iduriko murritzegia da, eta, ondorioz, onartezina.

2008ko abuztuaren 20a
15:55
Entzun
Frantziak Georgiako gatazkari buruz aurkeztutako ebazpena atzera bota du Errusiak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Batetik, Errusiako tropei Georgiatik berehala ateratzeko exijentzia ezartzen zaie proposamen horretan. Bestetik, Georgiaren lurralde batasuna aldarrikatzen da.

Vitali Txurkin Errusiaren NBEko enbaxadoreak agertu du onartezina dela bi puntu horiek bakarrik jasotzea ebazpenean; hots, joan den astean Europako Batasunak bultzatu eta Errusiak zein Georgiak sinatutako bake planean biltzen diren beste lau puntuak ez agertzea. Bake plan horretan Errusiako indarrei Georgiako lurretan egoteko aukera ematen zaie, "Hego Osetia babesten".

Ildo horretatik, Frantziak NBEn aurkeztutako proposamena "propagandatzat" eta "nahaste ahalegintzat" jo du Txurkinek. Izan ere, orain arreta alde biek sinatutako bake plana aurrera ateratzen jarri behar dela uste du. "Lan serio bat daukagu egiteko: bake hitzarmena gauzatzea. Propaganda beste gauza bat da", azpimarratu du.

Txurkinek ukatu egin du Errusiako tropek oraindik Georgiako eremu batzuetan jarraitzen dutelako joan den astean sinatutako bake plana urratzen dela. Aitzitik, erretiratzea hasi dutela eta oraindik Georgian jarraitzeko arrazoia "segurtasun neurri gehigarriak" hartzea dela azaldu du. Sei puntuko bake planeko bosgarrenean "segurtasun neurri gehigarri" horiek onartzen direla iritzi dio.

Baina bake planaren bosgarren puntuaren irakurketa horrekin ez dator bat Jean Pierre Lacroix Frantziako enbaxadorea. Haren iduriko, bake planean zehazten denaren arabera ez dago inolako arrazoirik Errusiako tropek Georgian jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.