Igandean bezala 2004aren amaiera arte itzalaldi gehiago gerta daitezkeela ohartarazi zuen atzo Antonio Marzano Industria ministroak, Parlamentuko bi ganberetan egindako agerraldietan. Marzanok zehaztu zuen, hala ere, argindar etenaldiak ez direla gertatuko ustekabean, ezta herrialde osora hedatuko ere; baina, igandekoa berriz gerta ez dadin, «programatutako eta kontrolatutako mozketak» izango direla, aitzitik ere.
Diputatuen eta senatarien aurrean egindako mintzaldietan, Marzanok Gobernuko taldeen babesaz gain, zentro-ezkerreko oposizioaren laguntza ere eskatu zuen, epe labur eta ertainera 16 indarretxe termiko eraikiak izan daitezen, energia elektrikoaren eskasiari konponbidea emateko. Egun, Italiak bere argindar beharren %16 kanpotik eramanarazten ditu.«Indarretxe berri horien eraikitzen hasteko, atzeratu egin gara, oztopatze zenbaitengatik, eta jokaera horrekin behar da gelditu», esan zuen Marzanok, oposizioak legegaiari ezarri 600 zuzenketak aipatu nahi zituelarik. Hitz horiek entzutean, bere erantzukizunei ihes egiten saiatzea egotzi zion Olibondoa koalizioak Industria ministroari, eta nabarmendu zuen Italiako argindar hornikuntzaren sarea aspalditik nahiko ahula izanda ere lehen aldia zela itzalaldi oso bat gertatzen zena.
Italiako Energiaren Aginte Nazionaleko presidente Pippo Rancik iragarri zuen atzo erakunde horrek ikerketa bat egingo duela igandean gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko. Hiru galdera egin daitezkeela ohartarazi zuen, hots, ez ahalko zen kooperazio estuago bat izan Italia argindarrez hornitzen duten atzerriko energia sareekin eta bereziki Suitzakoarekin, Italia aldetik nabaritutako erreakzio makalegia ezin zitekeenetz ekidin, eta etenaldia, saihestu ezinda ere, ez ote zitekeen eskualde batera soilik mugatu. Galdera horiei erantzuteko Energia Aginte Nazionalak bideratuko duen ikerketaz gain, Parlamentuak beste bat bultzatuko du.
Nuklearraren aldekoek mahai gainean jarri dute arazoa
Silvio Berlusconiren gobernuaren eta zentro-ezkerreko oposizioaren artean ika-mika bizia eragiteaz gain, igandeko argindar etenaldiak energia nuklearraren kontua berriro hizpidera ekarri du, horren alde daudenak arazoa mahai gainean berriz jartzeko aukeraz baliatu baitira. Italiak energia nuklearrari uko egin zion 1987an, Txernobileko zentralean gertatutako istripuaren osteko erreferendumean.
Ikerketen ondorioak igurikatu behar direla argudiatuta, Marzanok ez zuen argibide handirik eman. Igandeko itzalaldiaren sorburua Suitzan gertatutako potentzia handiko linea baten etetea izan zela berretsi zuen ministroak. Haatik, atzo jakin zen Suitzako agintariek ez zutela hori baieztatu, edo behintzat nabarmendu zuten, euren energiaren hornikuntza sarean zenbait ezbehar gertatu bazen ere, hori ez zela nahikoa izan Italia osoa itzaltzeko. Igande goizeko 03:20an gertatu zen argindar etenaldia, Italia osoan, eta sekulako kaosa eragin zuen kaleetako zirkulazioan, metroan, igogailuetan eta trenen ibileran. Hiru lagunen heriotza ere eragin zuen, nolabait.
ITALIA
Geroan ere itzalaldiak gerta daitezkeela esan du Gobernuak
Industria ministroak nabarmendu du indarretxe berriak premiaz eraiki behar direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu