Gerra Ukrainan

Gerra abioiak emateko promesa «hasiera ona» da, Zelenskirentzat

Erresuma Batuaren arabera, nazioarteko koalizio bat sortzea adostu du Herbehereekin, Ukrainari F-16 hegazkinak emateko. Kieven esanetan, Frantziak ere babesten du, eta aurten eratuko dute

AEBetako gerra hegazkin batzuk, hango armadak Ozeano Atlantikoan duen gerraontzi batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mendebaldeak aurrera segitzen du Ukrainako gerra koskaz koska estutzen. Nahiz eta hilabete batzuk lehenago esaten zuen ez zuela urrats hori egingo, urtarril amaieran onartu egin zuen Ukrainako armadari erasorako tankeak ematea. Eta, orain, ateak guztiz zabaldu dizkio gerra hegazkinak entregatzeari, Erresuma Batuak herenegun gauean jakinarazi baitzuen adostu duela Herbehereekin nazioarteko koalizio bat sortzea Kievi molde horretako abioiak emateko, F-16ak hain zuzen. Eta Volodimir Zelenski pozik agertu da. Izan ere, hilabeteak daramatza eskaera hori egiten. «Koaliziorako hasiera on bat da. Eskerrik asko guztioi», nabarmendu zuen Ukrainako presidenteak herenegun, gauero plazaratu ohi duen diskurtsoan, eta erantsi Frantziak ere babesten duela planteamendu hori. Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak hango hedabide batean atzo adierazi zuenez, aurten sortuko dute koalizioa, eta nabarmendu zuen F-16ak direla beren «lehentasuna», baina ez dituztela baztertzen bestelako ereduak.

Zelenskik Europan bira bat egin du egunotan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeen laguntza militar handiagoa biltzeko. Frantziak, Italiak, Alemaniak eta Erresuma Batuak esan zioten behar beste denboraz babestuko dutela, eta Londresek iragarri zuen, gainera, irismen luzeko misilak emango dizkiola. Iazko otsailean inbasioa hasi osteko hilabeteetan, zeharkatu ezinezko marra gorritzat zeukaten aliatuek Kievi arma astunak ematea.

Gerra luzatu ahala iritziz aldatuz joan dira, oro har, Mendebaldeko herrialdeak. Aurreko otsailean, Erresuma Batuak iragarri zuen hasiko zela Ukrainako pilotuak NATOren «teknika estandarretan» entrenatzen, eta Mendebaldeko aliantza militarrak azpimarratu zuen Kievi gerra abioiak ematea ez zela marra gorri bat.

Horren guztiaren ondorio da Downing Streeteko 10. zenbakiak erabakia iragartzeko herenegun kaleratutako oharra. Europako Kontseiluak Islandian egin duen goi bileraren lehen jardunaldia bukatu eta gero zabaldu zuen. «Lehen ministroak eta Rutte lehen ministroak [Mark, Herbehereetakoa] adostu dute elkarrekin lan egingo dutela nazioarteko koalizio bat sortuz Ukrainari aireko borrokarako gaitasuna emateko. Babes osoa jasoko du: formakuntzatik hasi, eta F-16 hegazkinak emateraino». Ruttek berak txio bat idatzi zuen ondoren, eta esan Sunakekin hitz egin zuela auziaz. Poloniako presidente Andrzej Dudak jakinarazi du, hango hedabideen arabera, ez duelaF-16rik entregatuko, «nahiko gutxi» dituztelako.

Ukrainako presidentea aspalditik ari da gerra hegazkinak eskatzen. Lehengo astelehenean, Sunakekin bildu zenean, eskaera hori egin zuen argudiatuz orain dituzten abioiekin ezin dutela «zerua kontrolatu». Horiek ez dute Errusiako armadak dituenen gaitasunik —Sobietar Batasuneko garaikoak dira—, eta, gainera, ale gutxiago ditu Ukrainak. Guztira 3.000 bat F-16 hegazkin daude 25 herrialdetan erabiltzeko moduan.

Aditu militar batzuek azken hiletan zenbait hedabidetan adierazi dutenez, hegazkin horiek edukitzeak abantaila emango lioke Ukrainari, baina, eraginkortasunez jokatzeko, beharko lituzke, gainera, horietatik jaurtitzeko misil indartsuak, baita helburuei buruzko informazioa ere. Ohartarazi dute, nolanahi ere, mugimendu horrek berekinekar dezakeela gerra Ukrainako mugetatik harago eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.