«Errusiak Sirian gerra zibil bat saihestu nahi duela dio. Nik erraten diot bere politikak gerra zibil bat sortzera lagunduko duela». Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak Moskuren aurkako presio kanpainarekin segitu zuen atzo, Errusiak Mendebaldeko herrialdeen ekintzak sostenga ditzan Siriako Gobernuaren aurka. Damaskori «kanpoko eta barneko» presioa areagotzea defendatu du Clintonek, baina nazioarteko esku hartzea zuzenean aipatu gabe; hori bai, «aukera guztiak zabalik» daudela zehaztu du. Erran arren Libiako gidoia Sirian ezin aplika zitekeela, gero eta ozenagoak dira Mendebaldean nazioarteko erasoaren aukera zabaldu nahi duten ahotsak. Gerra saihesteko, gerra bat hastea gelditzen den aukera bakanetakoa dela diotenak.
Houlako sarraskiaren ondorenak zeharo nahasi du Siriako gatazkaren inguruko giro diplomatikoa, eta atzerriko esku hartze militarraren aukera inoiz baino indartsuago sartu da eztabaidan. Kontra daudenek, Errusia eta Txina guztien buru, defendatzen dute Kofi Annan mandatari bereziaren bakerako plana ez dagoela agortuta. Esku hartzea baztertzen ez dutenek ere Annanen planaren alde daudela diote, baina. Clintonek berak Danimarkara egin duen bisitan erran du «oraintxe bertan» Annanen plana laguntzen «zentratuta» daudela. Teorian, Baxar al-Assaden erregimenaren aurkako SNC Siriako Kontseilu Nazionala eta Siriako Armada Askea talde armatua dira plana agortutzat jo duten bakarrak. Yekiti Kurduen Batasunaren Alderdiko buruzagi Ismail Hamik ere erran du planak ez duela arrakasta izateko «aukera bakar bat ere». Hasiera batean SNCn sartu zen Yekiti, baina ondoren erakunde hori utzi eta Kurdistango bertze hamalau alderdirekin KNC Kurdistango Kontseilu Nazionalean sartu zen.
Jarrera bikoitza
Mendebaldeko herrialde batzuek, ordea, jarrera bikoitza hartu dute azken egunetan: alde batetik Annanen bide orria defendatu, baina bertzetik erasorako aukera indartu. François Hollande Frantziako presidentea mintzatu da argien esku hartze militarrari buruz: «Esku hartze armatua ez dago baztertuta, betiere Segurtasun Kontseiluaren erabaki batekin egiten bada». Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaile Bernard Valerok ere presidentearen jarrera bera agertu zuen atzo, diskurtso bikoitza mantenduz: «Frantzia Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren planaren alde dago, baina krisia bukatzeko aukera bakar bat debekatu gabe, betiere Segurtasun Kontseiluaren barnean». NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Siriaren aurkako eraso bat baimentzeko, ordea, Mendebaldeko herrialdeek Errusia eta Txina «konbentzitu» behar direla oroitarazi du Hollandek, betoa erabil ez dezaten. Hau da, Libiako gidoia errepikatu beharko litzateke, Moskuk eta Pekinek 1973 ebazpenari emandako abstentzioak ahalbidetu baitzion nagusiki Mendebaldeko herrialdeek eta Persiako golkokoek osatutako koalizioari Muammar Gaddafiren aurkako erasoa hastea.
Errusia, jarreran bederen, orduan baino irmoago ageri da orain. Azken egunetan gobernuko hainbat kidek balizko eraso baten aldeko ebazpena saihesteko betoa erabiliko dutela argi utzi nahi izan dute, eta Houlako sarraskiaren egileen inguruan ere Siriako oposizioko taldeek emandako bertsioa, Mendebaldeak aho batez defendatu duena, zalantzan paratu dute. Vladimir Putin presidentearen bozeramaile Dmitri Peskovek aitzineko egunetako posizio irmoa berretsi zuen atzo. «Errusiaren jarrera ezaguna, orekatua, zentzuzkoa eta erabat logikoa da. Horregatik, zaila da pentsatzea posizio hori zenbait presiok aldatuko dutenik».
Errusia, elkarrizketaren alde
Errusiak Siriako Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa defendatzen duela dio. Annanen planaren puntuetako bat ere hori da. Clintonek, baina, elkarrizketaren alde eginez Al-Assaden agintea «sendotzea» egotzi dio Moskuri. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon, ordea, ez da bat etorri Clintonekin. Egoeraren erantzule nagusi Al-Assad egin duen arren, NBEk «irtenbide politiko bat» lor dezakeela esan du.
Europan, Hollandek diskurtso gogorragoa agertu badu ere, badira balizko erasoaren inguruan tentu handiagoz mintzatu direnak. EB Europako Batasuneko Atzerri bozeramaile Michael Mannek erran du aukera hori ez dagoela «mahai gainean». Alemaniako Gobernuak ere adierazi du ez dagoela «aukera militar batekin espekulatzeko arrazoirik».
Hain zuzen, kontrako adierazpenak egin dituzten bi herrialdetako buruzagiekin bilduko da gaur Putin: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin Berlinen, eta Hollanderekin Parisen. Merkelek aitzinatu du Putin konbentzitzen saiatuko dela Errusia Damaskori zigorrak areagotzeko ekimenetara batu dadin. Moskuk, Pekinekin batera, behin baino gehiagotan adierazia du neurri horien aurka dagoela.
Putinek berriz ere presidentetza hartu duenetik, nazioarteko lehen erronka serioa du Siriakoa. Hauteskundeetarako kanpainan argitaratu zuen artikuluan, Errusia mundu aldakor batean,AEBen eta NATOren jarrera salatu zuen, «giza laguntzarako helburuarekin gatazka armatuak justifikatzeagatik», eta horrekin «estatuen subiranotzaren printzipioa» urratzea egotzi zien.
«Familia baketsuak», hilda
Hain zuzen, Houlako sarraskia izan da gerra aitzineko giroa sortu duen aitzakia. Siriako Gobernuak atzo jakinarazi zuen ikerketa ofizialaren emaitza. Qasem Jamal Suleiman jeneralak azaldu zuen sarraskiaren egileak «talde terroristak» izan zirela. Haren arabera, 600-800 lagun inguruko taldea armadaren postu bat hartzen saiatu zen, «eremu guztia kontrolatu eta parlamentari baten familiari erasotzeko». Hildako gehienak «talde armatuekin elkartu nahi izan ez zuten familia baketsuak» zirela erran du, eta bertze anitz, borrokan hildako «terroristak». Atzerri Ministerioko bozeramaile Yihad Maqdesik erran du, gainera, Siriako Gobernuak ezin duela «halako krimen izugarririk» egin, oposizioak atzerriko esku hartze bat justifikatzeko erabiliko lukeelako. NBEko behatzaileen arabera, duela astebete 116 zibil hil zituzten Houlan, ia erdiak haurrak.
Gerra bat, gerra saihesteko
Sirian esku hartzeari atea ireki diote AEBek, «aukera guztiak zabalik» daudela erranez; gerra zibila sustatzea egotzi diote MoskuriDamaskok ikerketa ofizialean «talde terroristei» egotzi die Houlako sarraskia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu