Boli Kosta

«Gerra beti da bihozgabea»

Gatazkak milioi bat desplazatu eta 100.000 errefuxiatu baino gehiago eragin ditu lau hilabetean; giza eskubideen urraketa etengabeez eta giza hondamendi larriaz ohartarazi dute erakundeek.

Kristina Berasain Tristan.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Tchen eta Gbarzonera 10.000 lagun iritsi dira astebetean. Liberiako Grand Gedeh konderrira egunero 300 eta 400 pertsona artean sartzen dira muga igarota. Cavally ibaia zeharkatzean bilakatzen dira errefuxiatuak, eta, honez gero, 24.507 dira. Buru gainean eramaten duten fardelean dute etxea. Apenas duten ondasunik, eta poltsikoan zentimorik ez. Buruan, berriz, arrangurak, eta, bihotzean, samina. «Gerra beti da bihozgabea». Yapo izeneko gaztea ari da hizketan. Tinhoun bizi zen, baina martxoaren 14an hirian piztu ziren borroketatik egin zuen ihes jaioterritik. Tinhoutik 4.200 lagunek alde egin dute orduz geroztik.Tartean Yapo. Mendebaldera egin du ihes. Eta errefuxiatua da egun.

Liberia osora 112.000 lagun iritsi dira iragan azarotik. Boli Kostako errefuxiatu gehien dituen herrialdea da, baina ez bakarra. Ghanan babesten dira ekialdetik ihes egiten dutenak. Eluboko mugatik sartzen dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak 3.000 lagun artatzeko errefuxiatu gune bat ezarri zuen duela hamar egun Ampain. Aurki lagun gehiagorentzat tokia izango duen beste bat paratuko dute, ezen errefuxiatuak etengabe iristen dira eta datozen egunetan muga zeharkatuko dutenen kopurua erruz handituko da.

Jumusukro eta Abidjan hiriburuetatik alde egin dutenak babestu dira Ghanan. Alassane Ouattararen indarrak hiriburuaren atarian zeudela jakitean egin zuten ihes askok borrokak berehalakoak izango zirela ohartuta. Abobo, Adjame, Wiliamsville eta Yopougon auzo pobreetatik ihes egin dutenek euren etxeak arpilatu egin dituztela salatu dute. Emakumeek, berriz, bortxaketak salatu dituzte.

Guinea, Mali, Burkina Faso, Benin eta Togon errefuxiatu dira beste milaka lagun. Herrialdearen barruan gelditu direnen egoera, baina, ez da muga zeharkatu dutenena baino samurragoa. Milioi bat desplazatu eragin ditu jada gerrak. Eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez dozenaka mila borroka fronteen erdian gelditu dira isolatuta.

Akituta eta nora ezean

Duekoue hiriko kaleetan inork jasotzen ez dituen hilotzak daude. Mendebaldeko hiri horretan ankerrak izan dira borrokak azken egunotan eta zibilak akituta eta noraezean dabiltza aterpe baten bila. Amnesty Internationalek misio katoliko batean babestu diren milaka herritarren egoeraz ohartarazi du. Veronique Auberten erakundeko ordezkariaren arabera egoera kaotikoa da eta premiaz erantzun ezean odol isuria ikaragarria izango da. Jean-Philippe Chauzy Migrazioen Nazioarteko Erakundeko bozeramaileak jakinarazi du misioaren inguruetan 20.000 lagun daudela eta baldintzak jasanezinak direla. Guigloko elizan, berriz, beste 2.500 lagun babestu dira.

Ruandako genozidioa etorri zaio bateri baino gehiago azken egunotan, eta egoera latza baldin bada ere, albistegietan oihartzunik ez izatea salatu dute. Barbara Mineo Save The Children erakundeko larrialdietarako koordinatzailearen hitzetan oharkabean pasatzen ari da tragedia: «Ume batek kontatu zigun nola baso bat zeharkatu behar izan zuen borroketatik ihes egin ahal izateko, eta neskato batek, berriz, nola mendi batean ezkutatu zen familiarekin ondasun guztiak poltsa batean sartuta eta anai txikiena bizkarrean eramanda».

Abidjanen gerta daitekeenagatik daude bereziki kezkatuta nazioarteko erakundeak. Williamsburg auzoan dozena bat zibil hil dituzte tiroka. Okanta Chibuzo Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko kideak jakinarazi du une honetan ospitale bat bakarrik dagoela zabalik hiriburuan, eta egunero balaz zauritutako hamar eta hamabost lagun artean iristen direla: «Abobon egunero entzuten ditugu tiro hotsak eta egun bakar batean balaz zauritutako 66 lagun artatzera iritsi gara».

Human Rights Watchek gizateriaren kontrako krimenak salatu ditu «basakeriak, bortxaketak eta hilketak» etengabeak direla salatuta. Miliziek eta mertzenarioek gizateriaren kontrako krimenak egin dituela jakinarazi du. Eta Boli Kosta «irakite puntuan» dagoela ohartarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.