Presidenteak adierazi du "errukigabe" jokatuko dutela Estatu Islamikoaren aurka, Frantzia barnean eta baita kanpoan ere. Haren ustez, atzoko erasoak "barnean eta kanpoan prestatuak" izan dira. Estatu Islamikoak bideo batean bere gain hartu du erasoa. "Frantziak errukigabe jokatuko du Estatu Islamikoarekin", adierazi du Frantziako presidenteak.
Hollandek erasoa pairatu duten biktimen familiekiko elkartasuna adierazi du, eta nabarmendu du atzoko erasoak Frantzia eta "harek ordezkatzen dituen baloreen" aurkako dela. Defentsa batzordea egin dute gaur goizean Parisen, eta hiru eguneko dolua agindu dute. Horrekin batera, segurtasun neurri guztiak "maila gorenean" mantenduko dituztela azaldu du presidenteak.
Hollandek astelehenean parlamentuan hitz egingo du eta egoeraren aurrean "batasuna eta odol hotsa" eskatu ditu. "Frantzi indartsua da, eta zaurituko badute ere, berriro altxatuko da. Gu izutzea nahi dute terroristek, baina geure burua defendatuko dugu". Iragarri du, gainera, Parisko ikastetxe, museo eta unibertsitate guztiak itxita egongo direla gaur. Ikuskizun publikoak ere bertan behera utzi ditu gobernuak. Garraio publikoak, berriz, martxan daude; ez, ordea, ohiko maiztasun eta normaltasunarekin: zenbait gune bakartuta daude oraindik, erasoen alboko metro lineak eten egin baitituzte.