Auzitegi Goreneko Konstituzionalerako Aretoak hartu du erabakia, 2017an herritar batek aurkeztutako salaketari erantzunez, eta eskatu dio Fiskaltzari iker dezala gerra zibileko desagertzeen auzia.
Salaketaren arabera, 1982ko maiatzaren 15ean, zibilez jantzitako hainbat gizonezkok beste bat atxilotu zuten San Salvador hegoaldean. Gizona kamioi batera igo zuten, eta, ustez, Polizia Nazionalaren egoitzara eraman. Hala kontatu zien lekuko batek senideei. Salaketa jarri duen herritarraren anaia zen atxilotua. Handik bi egunera, maiatzaren 17an, atxilotu zituzten gurasoak, eta lekukoa ere desagerrarazi egin zuten egun gutxiren buruan, baita haren gurasoak ere.
Gorenak ebatzi du salatzailearen familia desagerrarazi egin zutela, eta agindu dio Fiskaltzari iker dezala kasua, «erantzuleak aurkitu eta zigortzeko». Auzitegiaren arabera, atxilotu zutenean «ekintza politiko iraultzaileak» prestatzen ari zen salatzailearen anaia, aldiz, haren gurasoak komunitateko kide ziren, baina ezkertiartzat zituzten agintariek.
1980 eta 1992 bitartean, FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko miliziak diktaduraren aurka borrokatu ziren. Diktadurak AEBetako Gobernuaren eta eskuin muturreko heriotzaren eskuadroien laguntza izan zuen. Gatazkak 75.000 hildako eta 8.000 desagertutik gora utzi zituen.