Gerra hasi osteko misil erasorik zabalena egin du Errusiak Ukrainan, Zelenskiren arabera

Ukrainako presidenteak jakinarazi duenez, Errusiako armadak 110 misil jaurti ditu hainbat hiriren aurka, eta gutxienez hemezortzi lagun hil dira.

UKRAINE RUSSIA CONFLICT
Dnipron misil batek kaltetutako amaetxe bat. ARSEN DZODZAIEV / EFE
2023ko abenduaren 29a
12:50
Entzun

Gerra hasi osteko misil erasorik gogorrena egin du bart Errusiako armadak Ukrainako lurraldean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak X sare sozialean jakinarazi duenez, 110 misil jaurti ditu Errusiak Ukrainako hainbat hiritara. Adierazi du Ukrainako defentsa sistemak gerarazi egin dituela misil gehienak. Eraso horietan gutxienez hemezortzi lagun hil dira, Ukrainako Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, baina behin-behineko balantzea da hori, dozenaka zauritu baitituzte erasoetan. Hainbat iturriren arabera, 132 lagun zauritu dira aire erasoetan.

Gehienbat azpiegiturei eraso diete. Amaetxe bat, ikastetxeak, merkataritza zentro bat, apartamentu bloke bat, merkataritza biltegi bat eta aparkaleku bat jo dituzte misilek, Ukrainako Gobernuak zehaztu duenez. Hiri hauetara jaurti dituzte bonbak, besteak beste: Kiev, Leopolis, Odesa, Dnipro, Zaporijia eta Kharkiv. «Zoritxarrez, heriotzak eta zaurituak izan dira erasoetan. Zerbitzu guztiak atsedenik gabe ari dira lanean, eta behar den laguntza eskaintzen», adierazi du Zelenskik, eta ziurtatu du erantzun egingo dietela erasoei.

Gerra hasi zenetik 674 egun igaro dira, eta droneekin eta misilekin egindako erasorik larriena izan da bart gauekoa. 2022ko otsailaren 24an izan zen orain arteko erasorik zabalena, eta, ordu hartan, 96 misil jaurti zituen Errusiako armadak Ukrainan.

Pertsonei egindako kalteei dagokienez, Dnipropetrovsken izan dira ondoriorik larrienak, bost lagun hil baitira han, eta hamabost zauritu baitituzte merkataritza gune baten aurka izandako erasoan. Leku berean, amaetxe bat ere jo dute Errusiako misilek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.