Gerra hotsak itzali nahian

Irango eraikuntza nuklearren kontrako erasoa saihesteko protestak egiten hasi dira herritarrak, Israelgo Defentsa ministroaren etxebizitzaren aurrean. Oraindik, baina, gutxi batzuk dira.

Ane irazabal
Tel Aviv
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bonba hitza ez dute entzun nahi, baina bonbardaketa mediatikoa zer den ongi dakite Israelen. Gobernuak eta hedabideek eratu duten gerrarako testuinguruarekin arduratuta, artega sentitzen diren herritarrak ahotsa altxatzen hasi dira.

Tel Aviv-Jaffa udalerriko zinegotzia da Tamar Zandberg eta Iranen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzeak antolatzen ditu egunero-egunero. «Ez dugu beharrezkoa ez den gerrarik nahi. Nahikoa berotuta daukagu eskualdea, Israel Iran erasotzen hasteko».

Arratsaldero, ehun herritar batzen dira Ehud Barak Defentsa ministroaren etxearen aurrean, erasoari ezetz esateko. Han elkartutakoek argi diote baldintzarik gabeko ezetza dela haiena. «Argi dakigu ez lukeela Iranen programa nuklearra etengo, eta Israelekiko gorrotoa handitu besterik ez luke egingo», adierazi du Zandbergek.

Duela bost hilabete gertatu zen bezala, israeldarrek hurbil-hurbil sentitzen dute erasoaren mamua, eta urduritasuna agerikoa da gizartean. Hedabideek egindako kale inkestek argi uzten dute herritarrek ez dituztela sinesten eraso posiblea arrazoitzeko gobernuak eman dituen arrazoiak. «Gu geu gara gure existentziaren mehatxurik handiena, ez aiatolak», adierazi du Ava izeneko manifestariak.

Trikimailu politikoek pisu handia dutela salatu dute manifestariek, eta protestetan bada behin eta berriz errepikatzen den galdera bat: zergatik orain erasotzeko obsesioa? Bi arrazoi aipatzen dituzte erasoaren aurkako ekintzaileek. Kanpo politikari begiratzen diotenek argi dute AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan bere eragina handitu nahi duela Israelek, eta Barack Obama berriro hautatzea oztopatu. Beste askok, ordea, barne politikan jartzen dute azpimarra. Ongizate estatuaren krisian murgilduta,gobernuarekiko onarpena biziki jaitsi da. Askoren arabera, gerrak gizartea batzeko balioko lukeela uste du gobernuak. Iritzi berekoa da Zandberger: «Barne politikan hutsegite handi bat egiten duen bakoitzean Iranen gaia ateratzen du gobernuak. Horrela despistatu nahi gaitu».

Kasuak kasu, azken asteetan Israelgo politika gidatzen duten pisuzko politikariak Irango eraikuntza nuklearren kontrako eraso militarraren aurka egin dute. Simon Peres presidenteak jakinarazi berri du bakarkako erasoaren auka dagoela. «Israelek ezin du bakarrik jokatu, Obamarengan sinistu beharko luke», nabarmendu du. Netanyahuk berehala erantzun dio: «Peresek Israelgo presidente gisa duen rola ahaztu duela dirudi».

Armadaren barruko haustura ere plazara atera da. Uri Saguy Libanoko lehenengo gerran Israelgo armadaren buru izan zenaren ustez, gobernuak era arriskutsuan piztu ditu «gerraren garrak». Kritikarik zorrotzenak Benjamin Netanyahu gobernuburuari eta Ehud Barak defentsa ministroari egin dizkie, «apropos kronometratutako histeria» bultzatzea leporatuz.

Barak, erasoaren aurpegia

Israelgo iritzi emaileek Netanyahuren keinu guztiak aztertzen dituzte egunotan, baina inor gutxik leporatzen dio ustezko erasoaren erantzukizun osoa. Atzean ezkutuan mantentzen den itzal baten legez, Barak Defentsa ministroak gidatutako kanpaina dela ziur daude asko.

Uste berekoak dira erasoaren aurka protestak antolatzen dituzten ekintzaileak. Hargatik, ez da kasualitatea elkarretaratzeak Defentsa ministroaren etxebizitzaren aurrean egitea. «Ministeriorik garrantzitsuena da Israelen, eta Barakek guztiz zikindu du haren irudia», Ronnie deituriko ekintzailearen iritziz, «ez dugu heroirik nahi».

Estatuaren aurrekontuaren %30 inguru jasotzen du Defentsa Ministerioak urtero. Haren pisua inor gutxik jartzen du zalantzan,segurtasunarekin itsuturik bizi den Israelgo gizartean. Baina Barak Defentsa ministroa izatea «oximoron hutsa» dela dio Zandbergek: «Bere izaera gerrazalea inoiz ezkutatu ez duen militar bat gure herrialdeko defentsaren arduradun nagusia izateak biziki kezkatzen nau».

Elkarrizketa, gerraren ordez edo Bonbarik ez, hitz egin eta antzeko kartelak ikus ditzake Barakek Tel Aviv erdialdean bizileku duen dorrearen aurrean. «Lehenik palestinarrekin eta orain Iranekin, gerraren sinbolo bat bilakatu da Barak. Herritar gisa gure ardura da haren rola lotsagarri egitea, hark erakusten duen harrotasunaren aurrean», esan du Daniel izeneko manifestariak.

Gehiengo isila

Israelgo gizarteko gehienek distantziarekin begiratzen diote oraindik eraso posibleari, baina herritarrek ez dute ezkutatzen gobernua alde bakarreko erabakia hartzeko gai dela. «Horra hor presio egitearen arrazoia. Prest egon behar dugu», salatu du Zandbergek.

Nolanahi ere, israeldar gehienek anbiguotasuna besarkatu dute gaiaz hitz egiterakoan. Erasoaren kontra ala erasoa bakarrik egitearen aurka, zein jarrera du Israelgo gizarteak? Dahaf agentziak egindako azken inkestaren arabera, %19 Irani bakarrik erasotzearen kontra daude, baina %42k baiezkoa emango liokete AEBek eta Israelek batera egindako operazio militar bati.

Hala, Errepublika Islamikoak Obamari eskutik helduta eraso bat egitea ez dute gaizki ikusten herritarren ia erdiek. Inkesta horrek Israelgo gizartearen «hipokrisia» agerian utzi du Ronneiren arabera: «Zinez benetakoa al da gerraren kontrako mugimendua, ala bakarrik erasotzeak gugan izan ditzakeen ondorioen beldur gara?». Ronneiren iritziz, elkarretaratze guztiak Tel Aviven egiteak agerian utzi du, beste behin, gainontzeko hirietan axolagabekeria dela nagusi.

Zandberger, ordea, ez da uste berekoa, eta iruditzen zaio kontzientziatze kanpaina hasi berri dutela: «Ez gatoz inoren iritzia aldatzeko asmoarekin, informazioa mahai gainean jartzera baino. Iran erasotzearen alde daudenek ere jakin behar dituzte gobernuak ezkutatzen dituen ondorio posibleak. Gure ardura da gizarteari jakinaraztea zer gerta daitekeen gerra bat pizten bada. Ez dezatela esan ondorioez ezer ez zekitenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.