Gatazka Kaukason

Gerra legea ezarri du Georgiak

Georgiako armadako tropak Tskhinvalitik aterarazi dituela ziurtatu du. Hego Osetia ez ezik, Georgia barnealdea ere bonbardatu du Errusiak nazioarteko albiste agentzien arabera; besteak beste, Gori hiria. Hildako zibilak gero eta gehiago direla ohartarazi dute. Abkhaziako independentistek ere Georgiaren kontra ekin diote.

2008ko abuztuaren 9a
16:53
Entzun
Georgiako Legebiltzlarra gerra legea jarri du indarrean, gaur hasi eta hamabost eguneko epean. Lege horren bidez "Errusiaren erasotik babestu" nahi dutela agertu du Mikhail Saakashvili presidenteak. David Bakradze Legebiltzarreko presidenteak, berriz, gerra legeak ez diela herritarren eskubideei eragiten eta beren bizimodu normalarekin aurrera egin ahal izango dutela nabarmendu du.

Errusiaren erasoa gogorra eta zabala dela salatu du Saakahsvili Georgiako presidenteak, eta =ide facto= gerran daudela.

Azken orduetako esku hartze militarraren bitartez Georgiako indarrak Hego Osetiako hiriburu Tskhinvalitik bidali dituela ziurtatu du Errusiak. "Talde taktikoek Georgiako armadaren menpetik askatu dute Tskhinvali, eta Georgiako unitate militarrak bake indarren ardurapeko eremuetatik kanpora joanarazi dituzte", adierazi dio Itar-Tass agentziari Vladimir Boldirev lurreko indarren komandanteak. Beren esku hartze militarraren xedea Georgia "bakea onartzera" behartzea dela azpimarratu du. Georgiako iturrien arabera, ordea, beren armada erresistitzen ari da eta Tskhinvali inguruan da oraindik.

Dena den, Errusiako armadaren esku hartzea ez da Hego Osetiara eta gatazka piztu den gunera mugatu, baizik eta Georgia barnealdean ere egin dituzte erasoak Errusiako gerra hegazkinek. Besteak beste, bost bonbardaketa egin dituzte Gori inguruan, ofizialki jomuga militarren kontra. Nazioarteko albiste agentzietako berriemaileek, ordea, bonbardatutako guneen artean zibilen etxebizitzak ere badirela agertu dute. Reuter agentziako berriemaileak, adibidez, bonba bat etxe baten gainean nola lehertzen zen eta bost lagun nola hiltzen ziren ikusi du.

Hain zuzen ere, batzuen eta besteen erasoen ondorioz zibilak hiltzen ari direla onartu dute, bai alde batek, bai besteak. Errusiaren arabera, azken bi egunetan 1.500 lagun hil dira eta kopuru hori etengabe goruntz doala ohartarazi du. Ildo horretatik, gatazkak aurrera jarraitzen badu "katastrofe humanitarioa" gertatuko dela ohartarazi du Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak, baina Moskuk hondamendi hori eragozteko erabakia hartuta daukala, indarrez bada ere.

Medvedeven arabera, Errusiako armada Georgian eta Hego Osetian egiten ari dena "bake misioa" da. "Gure bake indarrek eta haiei laguntzeko unitateek bake misioa daramate aurrera, Georgia bakera behartzeko", esan du presidenteak Errusiako albiste agentzien arabera. "Herritarrak babesteko ardura ere badugu. Hori da orain egiten ari garena", erantsi du.

Hego Osetian ez ezik, o Abkhazia errepublika autonomoan ere istiluak sortu dira hangoidependentistekin. Hain zuzen ere, Abkhaziako indarrek Kodori inguruan menpean hartzeko erasoaldia hasi dute. Kodori Abkhazian dago, baina Georgiarekin bat eginda jarraitzearen aldekoak dira nagusi eremu horretan.

Hego Osetiako gatazkak, eta gatazka horren ildotik Georgiaren eta Errusiaren artean sortu den enfrentamenduak kezka handia eragin du nazioarteko komunitatean eta NBE Nazio Batuen Erakundean. Azken orduetan bilera eta harreman diplomatiko ugari izan dira NBEan. AEBek Mikhail Saakashvili Georgiako presidentea babesten dute, eta esku hartze militarra bertan behera uzteko deia egin diote Errusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.