Gerrak ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi diote AEBek Errusiari

Errusiako armada Georgiatik erretiratzen hasi da; bidean, ordea, instalazio militarrak suntsitu ditu Potin eta Zugdidin

2008ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Hasi da Errusiako armada Georgiatik erretiratzen. Gori hiria berreskuratu du Tbilisik, eta, Hego Osetiako agintarien arabera, Tskhinvali hiriburutik ihesi joandako 31.000 desplazatu inguru ere etxerako bidean dira. Hala ere, Errusiaren eta Georgiaren arteko gatazka ez da oraindik baretu. Atzo, besteak beste, Potiko eta Zugdidiko instalazio militarrak suntsitu zituen Errusiak. AEB Ameriketako Estatu Batuek, bestalde, erasoak ekarriko dituen ondorioez ohartarazi dute Dmitri Medveden gobernua. Okupazioa dela-eta bi herrialdeen arteko harremanak kolokan jar litezkeela azaldu du Robert Gates Pentagonoko buruzagiak. «Oro har» Errusia su-etena errespetatzen ari dela onartu du, hala ere, Washingtonek.

Mikhail Saakashviliren gobernuak, berriz, su-etena urratzea leporatu dio beste behin. «Dena suntsitu beharrean jarraitzen du Errusiak, eta populazioari eta azpiegitura zibilei kalte handiak eragiten dizkie», salatu du Giorgi Gorgiladze Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Georgiako enbaxadoreak. Errusiak «esplorazio» lanetan diharduela erantzun dio, eta su-etena indarrean denetik erasoak egin izana ukatu du.

Soldaduak erretiratzeaz bat, bidean topatutako guztia suntsitu du Errusiak. Georgiako iturri ofizialen arabera, ontzi instalazio eta gune militarrak armadaren jomuga bihurtu zituzten atzo Potin. «Ez dakigu zer egiten duten oraindik hemen», adierazi du Tbilisik. Potitik erretiratu zirela jakinarazi zuen goizaldean Georgiako Atzerri Ministerioak; gutxira, soldaduak hirira itzuli eta erasoak egin zituztela ziurtatu zuen. Georgiako mendebaldean dago Poti, Abkhaziako mugatik 70 kilometrora; bertan herrialdeko merkataritza portu garrantzitsuena dago.

Alabaina, Poti ez da Errusiak jomuga bihurtu duen hiri bakarra. Rustavi-2 telebista katearen arabera, Zugdidiko instalazio militarrak suntsitu zituzten, handik erretiratu aurretik.

Gori hiria, Georgiaren esku

Gori hiria ia hutsik zegoen Errusiak herenegun menpean hartu zuenean. Georgiako Gobernuaren arabera, herritarren %80k ihes egin zuten soldaduak gainean zituztela konturatzean. Atzo hiria berreskuratu zuen Georgiak. Handik atera aurretik, baina, errusiarrek aurrean aurkitutako guztia arpilatu zuten.

Errusiako armadak atzera egin ahala, Georgiako Gobernua herrialdearen gaineko kontrola ari da bereganatzen. Nazioarteak, hala ere, oraindik ere giza laguntza banatzeko oztopo handiak daudela jakinarazi du. EB Europako Batasunak, horregatik, giza laguntza banatzeko bideak erraztu ditzaten dei egin du. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia ere kezkatuta agertu da herrialdean dagoen egoeraren inguruan, eta su-etena indartzeko eskatu die bi aldeei.

Giza Laguntzarako EBko Bulegoaren arabera, gatazkak eragindako biktimak 150.000 inguru dira. Desplazatuak, berriz, 90.000 inguru dira.

Bestalde, Condoleezza RiceAEBetako estatu idazkariak operazio militarrak bertan behera uzteko hartutako konpromisoa gogoratu dio Dmitri Medveded Errusiako presidenteari. «Ez gaude 1968an, Txekoslovakiako inbasioan. Orduan herrialde auzo bat hartu, hiriburua okupatu, Gobernua desegin eta alde egin zezakeen Errusiak. Gauzak aldatu egin dira». Rice Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bildu da; biek Georgiako lurralde osotasuna errespetatzeko eskatu diote Errusiari. Aitzitik, Medvedevek bake ituna betetzeko, eta, beraz, su-etena errespetatzeko borondate osoa duelaziurtatu dio Sarkozyk Riceri.

Errusiako presidenteak, berealdetik, elkarri eraso ez egiteko itun loteslea proposatu dio Georgiari. Halaber, Hego Osetiak eta Abhkaziak hartutako ezen erabaki sostengatuko duela adierazi du, bai behintzat NBEko gutuna, 1966ko Nazioarteko Ituna eta Europako Segurtasunerako Helsinkiko Hitzarmena errespetatzen badute.Hala, bi herrialde horien independentzia aldarrikapenak mundu osoaren aurrean defendatzeko prest agertu da. «Errusiarentzat azken urteetan kanpoko eraso batek eragindako biktimen alde egiten duen lehen aldia izan liteke hau», gaineratu du.

Hego Osetian, genozidioa

Errusiako Fiskaltzak genozidioaren erantzule egin du Georgia, horrek Hego Osetian errusiarren eta osetiarren aurka egindako gehiegikeriak ikertu ondoren. Halaber, Eduard Kokoiti Hego Osetiako presidenteak genozidioaren erantzule egin ditu AEBak: «AEBen ekintzek eta agintarien adierazpenek berretsi baino ez dute egiten hori».

Bestalde, Hego Osetiako Gobernuak azaldu duenez, gerra medio ihes egin zuten milaka osetiar etxera bidean dira dagoeneko: «Dagoeneko 12.000 lagun inguru itzuli dira». Hainbat iturriren arabera, 31.000 lagunek igaro zuten Errusiako muga, Tskhivali hiriburuko indarkeriatik ihesi. Horietatik 25.5000ebakuatu egin zituzten, eta 7.000 haurrak ziren. Desplazatu askok beren ondasunak arpilatuko dizkieten beldur itzuli dira.



Zenbakia

2.000

Gerran hildakoak. Errusiaren arabera, Hego Osetian 2.000 lagun hil dira, gehienak Georgiako armadak egindako erasoen ondorioz. Errusiako 74 soldaduk galdu dute bizitza sei eguneko gerran.





Kosovo estatu bihurtzea legezkoa den aztertzeko eskatuko dio Serbiak NBEri

Kosovok egindako alde bakarreko independentzia aldarrikapena nazioarteko zuzenbidearen arabera zuzena den ala ez erabakitzeko eskatzekoa da gaur Serbia NBE Nazio Batuen Erakundeari. Vuk Jeremic Serbiako Atzerri ministroak aditzera eman duenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiari auzia azter dezan eskatzeko NBEko Batzar Nagusira joko du. «Auzitegiak auzia ebazten duen artean, Kosovoko adibidea herrialde bat berak ere jarraitu ez dezan ziurtatzea da epe laburrerako gure helburua», azaldu du Jeremicek. Epe luzerako helburua, berriz, Kosovoko estatusaren gainean eztabaida hastea da. Hagako auzitegiak Kosovoko independentzia aldarrikapenaren aurka ebatziko duela uste du Serbiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.