Ezatullah Wazirwal Afganistango mugako guardia gazte bat zen. Milaka soldadu eta polizia bezala, nazioarteko tropek trebatu zuten Wazirwal. Hiru urte eman zituen lanean, 2010eko azaroan Kandahartik gertu entrenamendu saio batean AEBetako trebatzaileak tirokatu zituen arte. Sei soldadu hil zituen, eta, ondoren, bere buruaz bertze egin zuen. Ikertzaileek talibanekin lotu zuten Wazirwal, baina haren sendiak ukatu egin zuen hori. Urtebete geroago, Afganistango armadako teniente batek NATOko bederatzi soldadu eta itzultzaile afganiar bat tirokatu zituen Uruzgan probintziako entrenamendu gune batean. Bi militar eta itzultzailea hil ondoren, soldaduek tirokatuta zendu zen tenientea. Hura ere talibanekin lotu zuten. Gisa horretako erasoak maiz gertatu dira azken urteetan, eta argi erakutsi dute nazioarteko tropen eta Afganistango estatuko indarretako kideen artean sakoneko arazo bat dagoela. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak antzematen zaila den gerra frontea du hor.
ISAFek talibanen infiltratuei egotzi dizkie Afganistango soldaduek edo poliziek egindako erasoak, edo bertzela gertakari bakantzat aurkeztu ditu, Frantziako militarren aurkako atentatuarekin egin bezala. Gero eta argiago dago, ordea, eraso anitz ez dituztela kanpoko etsaiek xaxatu. Nazioarteko koalizioa bera horretaz ohartua da. The Wall Street Journal-ek gaiaren inguruan idatzitako txosten ofizial baten berri eman zuen iaz, eta The New York Times-ek berriz argitaratu du herenegungo erasoaren harira.70 orrialdeko txosten bat da,AEBetako armadako goi ofizial batek egina. Afganistango soldaduei, militarrei eta itzultzaileei egindako elkarrizketak biltzen ditu alde batetik, eta AEBetako militarrei egindakoak bertzetik. Izenburua bera aski argigarria du: Konfiantzaren eta bateraezintasun kulturalaren krisia. Txostenean bildutako tesi nagusiak halako erasoen ondoren orain arte egin diren balorazioak errefusatzen ditu: «Hilketak ez dira ezohikoak edo bakanak. Joera bat azaltzen dute, agian historia militar modernoan parekorik gabea indar aliatuen artean». Horregatik, NATOk erasoen ondotik egin ohi dituen balorazio ofizialak «faltsuak» dira, edo «gutxienez, errealitatea desitxuratzen dute».
Hazten ari den ezinikusia
Datuen arabera, 2007ko maiatzetik 2011kora Afganistango armadako eta Poliziako 26 kidek 35 eraso egin zituzten nazioarteko indarren aurka. ISAFeko 58 militar hil zituzten. Atentatu gehienak 2009ko urritik aitzinera egin dituzte. Epe horretan zendutako ISAFeko soldaduen %6 izan dira Afganistango Estatuko indarretako kideek hildakoak. ISAFeko soldaduek Afganistangoen aurka eraso egin dutenik ez da ageri txostenean.
Hilketen oinarrian bi aldeengan elkarrekiko hazi den ezinikusia dago, batez ere behe mailako militarren artean. Afganiarrak kexu dira nazioarteko tropen jarrerarekin, eta zibilen aurkako erasoekin. Afganistango soldadu baten adierazpenak honakoak dira, txostenaren arabera: «AEBetako soldaduek ez dute entzuten, harroegiak dira. Haien galerekin amorratu egiten dira, eta horregatik miaketetan zibilekin ordaintzen dute». The New York Times-ek izenik eman ez duen Afganistango armadako koronel baten adierazpenak ere bildu ditu. Haren arabera, «gorrotoaren sentimendua» agudo hazten ari da. Bere soldaduak « lapurrak, gezurtiak eta drogazaleak» direla erran du koronelak, baina AEBen jarreraz ere kexatu da. Hango soldaduak «errespetu gabeak, eta hizkera zakarra darabilten harroputzak» direla uste du. «Etorkizun hurbilean» egoerak okerrera eginen duela adierazi du koronelak.
AEBetako soldaduak, berriz, ez dira Afganistangoez fio talibanekin eduki ditzaketen harremanengatik. Txostenean aipatutako soldaduetako batek dio afganiarrak «koldarrak» direla, eta kexu da estatubatuarrek egin behar dituztelako «borroka gehienak».
ISAFen asmoentzako zama
Egoerak ez du konponbide erraza ISAFentzat, eta zama bilaka liteke. Arrotzek gutxietsi egiten dituzten sentipena errotuta dago Afganistango polizien eta militarren artean, eta AEBetako soldaduek egindako gehiegikeriek amorrua areagotzen dute. Adibidez, 2010ean hainbat soldadu estatubatuarrek «dibertitzeko» hildako zibilen kasuak, edo berriki lau marineren inguruan argitaratu denak —borrokan hildako talibanen gorpuei pixa egiten grabatu zuten euren burua—.
Afganistango armadako eta Poliziako kideek egindako erasoak areagotzea traba larria bihur liteke estatuaren eraikuntzarako. ISAFeko tropak bi urte barru dira Afganistan uztekoak. Ordurako estatuko indarrak herrialde osoa kontrolatzeko gai izatea nahi du ISAFek, nazioartearen aterkia galtzean, Kabulgo gobernua kinka larrian egonen baita talibanen aitzinean.
Gerrako fronte ikusezina
Etengabe gehitu dira Afganistango estatuko indarretako kideek nazioarteko tropen aurka egindako erasoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu