Omar Mohamedek ez du analisi politikorik egin nahi. Ez zaio egokia iruditzen. Duela astebete iritsi zen bere familiarekin Jordaniara, Daraa utzi eta hamar kilometro oinez egin ostean. Emaztea, bost seme eta egun bateko alaba txikia eskuan hartuta, muga pasatu eta babesa eskatu zuen Jordanian. «Gauez zeharkatu genuen muga, Siriako Armada Askearen laguntzaz, eta iritsi bezain laster iheslarien gune honetara ekarri gintuzten», adierazi du atsekabez. Ez zuen Siriatik alde egin nahi.
Beste mila errefuxiatu bezala, Jordania iparraldean dagoen Ramtha herriko King Abdallah Park izeneko kanpalekuan ezarri dute Mohameden familia. Duela astebetera arte, 8.000 siriar inguru jaso zituen gune horrek. Orain, arduradunek diote ezin dituela jaso 1.500 lagun baino gehiago.
Handik ekialderago, Zaatari izeneko beste kanpaleku bat ezarri du Jordaniako Gobernuak, eta Ramthan zeuden iheslari gehienak hara bidali dituzte. «Duela astebetera arte kaos bat bizi izan dugu, ez baikenuen hainbeste jende batzeko ahalmenik», adierazi du gune osoko ur horniketa kudeatzen duenak, Samik.
Hain zuzen, iragan asteetan hasi da Jordania errefuxiatuen auzia serioski hartzen. Azkenaldian Siriako iheslarien kopurua handituz joan den arren, iragan asteetan nabarmen egin du gora ehunekoak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordeak emandako datuen arabera, 140.000 errefuxiatu siriar jaso ditu Jordaniak. Horietatik 40.000, lau iheslarien kanpalekuetan ezarri dituzte. Besteak, iparraldeko hainbat hiritan eta Ammanen sakabanaturik daude.
Iheslari gehienak Daraa eskualdetik iritsi dira, gatazkaren epizentrotik, hain zuzen. Hango biztanleek merkataritza harreman estuak izan dituzte Jordania iparraldearekin. Ihes egitea erabakitzean, Ramtha otutzen zaie gehienei irtenbidetzat. Atheer Al-Ghzawik laguntza psikologikoa eskaintzen die iheslariei, boluntario gisa: «Haiek kontatzen dizkiguten pasarteen arabera, frankotiratzaileen tiroak jasaten dituzte muga pasatzen duten arte, beraz, denak iristen dira tentsio eta antsietate maila handiarekin».
Ramthatik, Daraa gaineko bonbardaketak entzun daitezke urrunean. Iheslariak ez dira guztiz salbu sentitzen, eta beren istorioa kontatzeko dudatsu agertzen dira batzuk. Dena den, Baxar al-Assaden erregimenak azken uneak bizi dituela uste dute gehienek. Kanpalekuetako gerizpetan egiten diren eztabaida politiko inprobisatuetan denen ahotan da Riad Hijab Siriako lehen ministro ohia. Desertatu duela ziur daude errefuxiatuak. «Hijabek gure gisa alde egin du, eta argi daukagu erregimena barrutik apurtzen ari dela», nabarmendu du Mohamed ezizena erabiltzen duen gizon batek.
Nolanahi ere, badira hain baikorrak ez direnak. Iheslarien gunean luze egon daitezkeela iruditzen zaio Amir izeneko mutil bati: «Assad oso boteretsua da oraindik, eta babes handia du Siria barruan». Tartean, Europaren eta, oro har, nazioartearen «immobilismoari» kritika zorrotza egiten dio. Amirren ustez, ez zaio behar adinako garrantzirik ematen ari Siriako iheslarien auziari.
Kanpalekuetatik at
Irbideko ospitalean, 100 errefuxiatu siriarri egin diote ebakuntza azken hilabetean. Elmad Al-Qudah kirurgialaria da: «Gero eta zauri sakonagoak dakartzate. Horrela pasatzen dute muga, ez baitira Siriako ospitalera joatearekin fio».
Abed Rohmanek 19 urte ditu, eta anaiarekin batera Homseko merkatuan harrapatu zuten bonbek. Anaia erasoan hil zen. Abedek, berriz, hiru ebakuntza izan ditu, eta besoa galdu du. Badirudi haren obsesioa dela Siriara itzuli, eta matxinoen Armada Askearekin batzea: «Nire anaiaren hilketa mendekatuko dut. Ospitaletik atera bezain laster, Homsera bueltatuko naiz, eta borrokatzeari ekingo diot, Assad hilda ikusi arte».
Ospitaletik kanpo, Siriako milaka iheslari Irbideko aldirietan ezartzen ari dira. Askok ez dute errefuxiatu gisa erregistratu nahi izan, behin-behineko pasartea izango delakoan, eta kanpalekuetara joatea saihestu dute. Jordaniar baten laguntza jasotzea beharrezkoa da horretarako. «Hamahiru egunez elkarrizketatu ninduten Jordaniako zerbitzu sekretuek, Siriarako armen bidalketa kudeatzen ari nintzelakoan», adierazi du Ya'roubek. Siriako armadako kidea izan zen Ya'roub iragan otsailera arte. Ondoren, desertatu eta alde egin zuen. «Ez dut errefuxiatuen kanpalekuetan ezarri nahi, ez dudalako giza laguntzarik eta janaririk behar. Lan egin nahi dut, eta dirua nire herrira bidali», nabarmendu du harro.
Oreka politikoa
Jordaniako Gobernuak ez du Siriako gatazkari buruzko jarrera ofizialik hartu, baina eskualdeko tentsio politikoek adi egonarazten dute Amman. Siriako trantsizio demokratikoa babesten duela nabarmentzeaz haratago, ezer gutxi esatera ausartu ohi da Abdullah II.a erregea. Gobernuarentzat, ordea, «iheslarien auzia» arazo bilaka daiteke aurki. Errefuxiatuek ekonomiaren ahulaldia oker dezaketela adierazi dute ofizialek azken egunetan. Horren atzean «beldur politikoa» dago, askoren ustez. Jordaniako biztanleen %60 palestinarrak dira; baina, gutxiengoa izanagatik, haxemi leinuak gidatzen du herrialdea.
Saeed Hassan ekintzaile politikoa da, eta oreka kontua iruditzen zaio guztia: «Gobernua beldur da egoera politikoa okertuko ote den Siriako iheslarien etorrera kontrolaezina eginez gero. Azkenaldian, Jordanian gero eta manifestazio gehiago egiten ari dira ustelkeriaren aurka, eta erregearen kontrako oihuak gero eta ozenagoak dira», nabarmendu du. Siriako errefuxiatuak barne politika ezegonkorraren errudun egin nahi ditu Jordaniak, Saeeden arabera.
Gerrako jazoerez haratago
Siriako errefuxiatuen etorrera etengabekoa da Jordanian. Denera, 140.000 iheslari jaso ditu, eta horietatik 40.000 daude kanpalekuetan. Agintariak beldur dira barne politikan utz ditzaketen ondorioez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu