Soslaia. Thomas Lubanga

Gerrako umeen errekrutatzailea

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Zazpi seme-alabaren aita eta psikologian lizentziaduna da Kongoko Ituri eskualdean ehunka ume bortxaz soldadu bilakatu zituen gizona. Eskualde hartko Djiba herrian 1960an jaiotako erreboltari ohiak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisprudentzia abiarazi du, harena izan baita 2002an sortutako auzitegi horrek eman duen lehen epaia.

Laurent Kabila Kongoko presidente zenaren kontrakoRCD-ML miliziako komandante izan zen Lubanga Kongoko bigarren gerraren hasieran, 1990eko hamarkada amaieran. Urre meatzeen kontrola lortzeko Ituriko lau etnien arteko borrokak piztu ziren —hema etniakoa da Lubanga—, eta milizien gudak 60.000 hildako eragin zituen. Lubangak UPC eta FPLC talde politiko-militarrak sortu zituen 2002an, Ugandaren eta Ruandaren babesarekin.

2006ko martxoan, Hagaren aginduz atxilotutako lehen pertsona bilakatu zen Lubanga. Kinshasako luxuzko hotel batean atxilotu zuten, eta Herbehereetara bidali zuten berehala. Nolanahi ere, auzibidea ez da erraza izan. Gerra krimenak leporatu zizkion fiskalak, bere armadan umeak soldadu moduan erabiltzeagatik. Defentsaren 24 lekukok eta fiskaltzaren beste 36k hitz egin dute ia lau urte luzeko epaiketan. Tartean, bederatzi ume soldaduk eman dute euren testigantza.

Epaiketa, baina, irauli egin zen 2010eko udan. Prozesua eten eta Lubanga askatzea erabaki zuen epaileak, fiskalak ez zuelako argitu lekuko baten nortasuna. Apelazio Ganberak, baina, atzera bota zuen erabakia. Lubangak ukatu egin ditu karguak beti, eta fiskaltzaren lekukoak ume soldadu faltsuak direla esan zuen epaiketako azken egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.