Gerraren azken txinparta

Afganistango presidente ohia hil izana ukatu du Hakkani sareak, eta Pakistanek dio ez duela zerikusirik gertatutakoarekinAzken gertakariengatik AEBek Pakistanen esku hartuko duten beldur da Islamabad

mikel rodriguez
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk AEBek 2001ean Afganistanen hasitako gerraren ondorio zuzenak Pakistanera hedatu zirela. Pervez Musharraf jeneralaren erregimena erori zenetik (2008), Washingtonen eta Islamabaden arteko harremana gaiztotu egin da, Pakistanen dauden talibanen indartzea dela eta. Azkenaldian, edozein txinparta agertzea nahikoa da tentsioa are gehiago zorrozteko, eta AEBek zuzenean esku hartzeko mehatxua jada sinesgarria da Pakistanen. Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohiaren hilketa izan da harremanen hondatze horren azken atala. Kabulek eta Washingtonek Hakkani sareari egotzi zioten erasoa, eta ISI Pakistango informazio zerbitzuari, berriz, horri sostengua ematea. Hakkani taldeak, baina, ukatu egin du Rabbani hil izana eta gaur egun ISIrekin harremana izatea. Pakistanek ere Rabbaniren hilketarekin zerikusirik ez duela erran du.

«Rabbani ez dugu guk hil, eta hori bera erran dute hainbat aldiz Emirerri Islamikoko bozeramaileek», erran dio Sirajuddin Hakkanik BBC kateari. Hakkani sarearen sortzaile Jalaluddin Hakkaniren semea da Sirajuddin, eta Emirerri Islamikoa talibanek beren agintaldian (1996-2001) Afganistani emandako izena da. Azkenaldian izandako hainbat eraso bere gain hartu ditu Sirajuddin Hakkanik —iragan hilean bertan NATOren egoitzaren aurka egindakoa, adibidez—, baina AEBek Afganistan inbaditu zutenetik atzerriko informazio zerbitzuekin elkarlanik ez dutela izan ziurtatu du. «Herrialde islamikoetako eta islamikoak ez direnetako zerbitzu anitz paratu dira gurekin harremanetan, AEBak barne, jihad santua utzi eta oraingo gobernuaren kide garrantzitsuak izan gaitezen».

Informazio zerbitzuei begira

Washingtonek eta Kabulek ISIri Hakkani sarea sostengatzea egotzi dioten aldi oro Islamabadek ukatu du leporatutakoa. Hamid Karzai Afganistango presidenteari ere berehalakoan erantzun dio, hark erran ondoren Rabbani Pakistango suizida batek hil zuela eta erasoa herrialde horretako Ketta hirian prestatu zutela. «Adierazpen arduragabe horiek egin ordez, Kabulen aginte karguak dituztenek argitu beharko lukete zer dela-eta hiltzen dituzten sistematikoki bakearen eta Pakistanen alde dauden afganiarrak», adierazi du Pakistango Atzerri Ministerioak ohar baten bidez. Susmoaren itzala Kabulengan paratu du Islamabadek. «Beharrezkoa da Afganistango informazio eta segurtasun agentziek hartutako norabidea ikertzea».

Rabbaniren hilketa ekintza eta akusazio kate luze baten azken atala izan da. Bakerako Kontseilu Goreneko burua zen Afganistango presidente ohia, eta bera zen gobernuaren eta talibanen arteko bitartekaria. Iragan irailaren 20an hil zuen suizida batek, bere etxean. Erasoa, ordea, ez du inork bere gain hartu. Karzaik zuzenean Pakistan egin du erantzule, eta «terrorismoaren joko bikoitza» amai dezan eskatu dio. Talibanekin hitz egin beharrean Pakistanekin hitz egin behar dutela dio Karzaik, Afganistango erresistentziaren arduraduntzat baitu. Bakerako Kontseilu Gorenak ere Karzairen hitzak babestu ditu, eta Rabbaniren hilketarekin zerikusia dutenak estraditatzeko eskatu dio gobernuak Pakistani.

NATOk, ordea, jakinarazi du ez duela «inolako informaziorik» jakiteko Hakkani sarea Afganistango presidente ohiaren hilketaren erantzulea ote den. Gainera, Anders Fogh Rasmussen aliantza militarreko idazkari nagusiak erran du iaztik talde horren eta gainerakoen eragina «nabarmen» murriztu dela. Hala ere, Pakistan gogoan izan du, eta eskakizun zehatz bat egin dio: «Pakistango Gobernua eta armada animatu nahi ditugu mugako babeslekuei eraso egin diezaieten. Mugan zehar mugimendu nabaria dago, eta Hakkani sareak eta bertze talde terroristek horren bidez jarduten dute Afganistanen».

Rasmussenen eskaera, jarrera positiboarekin egin arren, Mendebaldearen presioen azken adibidea da. Iraganean AEBek ere eskatu zioten Pakistani mugaldean erasoak egiteko, eta, gaur egun, hori da bi herrialdeen arteko tentsioaren arrazoi nagusietakoa. Mugaldeko eskualdeetako biztanleek harreman estua dute Afganistanekin, eta talibanak eta bertze hainbat milizia han ezarrita daude. 2001eko irailaren 11ren ondotik Musharrafek bat egin zuen AEBek deklaratutako terrorismoaren aurkako gerrarekin. Horren truke, Pakistanek 15.500 milioi euro jaso zituen, baina horren %70 armadaren esku gelditu zen, BBCren arabera. Islamabadek mugako eskualdeetan erasoaldiak egiteari ekin zion, AEBek Afganistango talibanen atzeraguardiatzat baitzeukan eremu zabal hori. Musharrafek, gainera, aukera ikusi zuen milizia islamistak eta gizarte antolakuntza tribalak nagusi ziren eremuetan botere zentrala sendotzeko.

Estrategia horrek, ordea, zama handiegia ekarri dio Pakistani politikan, arlo militarrean eta sozioekonomian. AEBek Pakistanen eduki duten aliatu onena armada izan da beti, eta herrialdean egon diren gobernu militarrekin harreman ona eduki du Washingtonek. Horren adibide argia da bi herrialdeetako informazio zerbitzuek 1980ko hamarkadan SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko armadaren aurka Afganistanen izandako elkarlana talibanak eta bertzelako miliziak —Hakkani sarea barne— diruarekin, armekin eta prestakuntzarekin laguntzeko.

AEBak laguntzea, garesti

Aldaketa, ordea, Pakistango armadak bere herritarren aurka egin behar izan duenean etorri da. Mugako kanpainek kostu handia izan dute. Zibil anitz hil dira, eta armadak ere soldadu anitz galdu ditu. Bakarrik 2002an eta 2004an Hego Uaziristanen egindako kanpainetan 700 soldadu hil ziren. Indarkeria mugara ez ezik, herrialde osora hedatu da ia, eta gobernuaren arabera, 2001etik 30.000 lagun hil dira erasoetan eta borroketan. Armadan AEBekiko jarrera aldaketa eragin du egoera horrek; alde batetik, elitearen zati batean nazionalismoa indartu da, Washingtonen esku hartzea gehiegizkotzat baitaukate. Bertzetik, 1980ko hamarkadan komunismoaren eta Indiaren aurka egiteko sustatutako islamismoak agintearen eta Mendebaldearen aurkako jarrera hartu du, herrialde musulmanen inbasioen ondorioz.

Oposizioaren presioaren ondorioz Musharrafek alde egin zuenetik, gero eta gehiagotan eskatu diote AEBek Pakistani presio militarra areagotzeko. Era berean, gero eta esku hartze gehiago egin ditu Washingtonek. Adibide ikusgarriena Osama Bin Ladenen hilketa den arren, ondorio nabarmenenak utzi dituztenak piloturik gabeko hegazkinekin egindako bonbardaketak dira. 2009an 53 egin zituzten, eta iaz jada ehundik goiti. New American Fundazioaren arabera, iaz arte 900 eta 1.500 ziren eraso horietan hildakoak, gehienak zibilak. Horren eraginez, AEBekiko elkarlanaren aurkako jarrera anitz hazi da Pakistango herritarren artean, eta, horrekin batera, Musharrafen ondorengo gobernu zibilarekiko barne presioa. AEBen balizko operazio baten beldurra egunez egun hedatzen ari da Pakistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.