Libia. Gaddafiren ondorena

Gerraren «beste» biktimak

Setio egoera luze eta bortitzak jasateaz gain, lapurretak egunerokoak dira gaddafitarren azken gotorlekuetan, eta ia ezinezkoa da armen bila miatzera sartu ez diren etxe bat topatzea.

Khaled Abdula, etxe zulatuaren aurrean; ezer gabe geratu da, dena lapurtu diote eta. KARLOS ZURUTUZA.
Bani Ualid
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Suleiman eta Rasul unibertsitatean elkartu dira. Zortea lagun, Kimikako apunteak eta dabilen ordenagailu bat aurkituko dituzte. Baina ez da erraza NATOk Bani Ualideko campusa airetik erraustu zuenetik. 80.000 lagun bizi ziren Tripolitik 150 kilometrora dagoen herri honetan. Saif al Islam —Muammar Gaddafiren semea— bertan babestu zen, eta Surtekin batera, gaddafitarren azken gotorlekua izan zen Bani Ualid.

«Zeren bila etorri zen NATO hona?», kexu da Suleiman. Bihurritutako burdinak eta porlanezko hondakinak besterik ez du inguruan gazteak. Balizko apunteak haizeak eramaten ditu. Ez dago arma, uniforme eta militarren presentzia iragartzen duen bestelakorik. Ezta Bani Ualid egun josten duten bala kaskoak ere. «Gaddafiren bozeramaile Mussa Ibrahimek bertan lo egiten zuelako zurrumurrua zabaldu zen; hura liteke bonbardaketaren arrazoia», dio Rasulek, NATOk utzitako krater erraldoi baten alboan.

Ezer gutxi gelditu da erabilgarri. Areto nagusiko eserleku gorriak zortzinaka eramaten ari dira erreboltariak furgonetetan. «Giltzapean gorde nahi ditugu, lapur asko dabil eta», dio gidarietako batek. Tamalez, dagoeneko beranduegi da informatika gela salbatzeko. Ordenagailu mahai berri eta hutsek hauxe adierazten dute: aurki Internet kafe berri bat irekiko dela Libian, nonbait.

Sarraskiaren irudia errepikatu egiten da bazarraren hiribidean. Denda bakar batek baino ez du pertsiana altxatu gaur. Rafik dendariak ez du hitz egin nahi. Kanpora atera dituen belztutako manikiek dena azaldu digute.

Zauija Brigade; Misrata boys; Gerian beti aske… irakur daiteke Bani Ualideko kale hautsietan. Antzeko leloak dira beti, baina bat ia nonahi topa daiteke: Uarfalak, zakurrak. Bani Ualid da, hain justu, tribu bakarra bizi den herria Libian. Denak Uarfala dira hemen, milioi batetik gora kide dituen leinua —Libian sei milioi biztanle dira. Gadafa tribukoekin batera, haiek izan ziren eraildako liderrarekin leialenak.

Etxez etxe

Ia ezinezkoa da ukitu gabeko etxe bat topatzea Bani Ualiden. Bahra auzoan, artilleria obus batek leiho berri bat ireki du Shaman Bubakharren etxean. Benetakoek kristala galdu dute; pertsianak eta gortinak telebista eta berogailuekin batera desagertu dira.

«Etxez etxeko arpilatzeari eutsi diote», dio Bubakhar hegazkin mekanikariak. Apartamentu blokeen atzealdean, inork eraman nahi ez dituen objektuen mendixka dago. Bubkaharrek bitxiontzi bat hartu du, hutsik. «Nork eramango ditu gaur hemen dauden eraztun eta lepokoak?», galdetu dio bere buruari 51 urteko gizonak.

Khaled Abdularen etxean askoz ere errazago sar daiteke. Gaztea ezkontzear zegoen, eta egokituta zeukan jada familia etxearen lehen solairua. Bikotearen ametsak, baina, paretan irekitako zulo hartatik desagertu ziren.

«Bani Ualidetik urriaren 14analde egin nuen. Den-dena ukitu gabe zegoen orduan», gogoratu du 24 urteko kamioilari ohiak. Egun langabezian dago, eta etxe bat hartu behar izan du errentan. Ezkontza atzeratu egingo dute.

Herri osotik entzun daitezke horrelako testigantza gordinak. 65 urteko Athila Abdala Athmanek, esaterako, herritik kanpo eraman zituen bere hiru kamioiak. Hala ere, su eman zieten. Egun, baina, irribarretsu dago, semeak bueltan ekarri baitio ostutako autoa.

«Gerianen zegoen, Tripoliko hego-ekialdean. Lagun batek ikusi zuela esan zigun, eta bila joan gara gaur», dio Athilak. Konpondu aurretik garbitu egingo duela esan du. Autoaren frontean Geriango borrokalariak margotu dute, eta Metallica atzealdean.

Ala u akbar (jainkoa handia da) grafitia ere irakur daiteke Athilaren etxeko sarreran. Ezin jakin bere lanparak eta gortinak lapurtu aurretik ala ondoren margotu zuten. Ez dio axola.

Gizonak dio geratuko dela, baina, dagoeneko, asko abiatu dira gaddafitarren kontrolpean izandako herrietatik. Bertako iturrien arabera, 100.000 lagunek baino gehiagok errefuxiatu gunera jo dute. Edonola ere, kopurua askoz ere handiagoa izan liteke, gehienak ez baitira erregistratu.

Urrea ordainetan

Bani Ualideko aireportuan Omar Mukhtar xekearen basea dago. Hura da Bani Ualiden kontrola duten 45 milizien arduradun eta koordinatzaile nagusia: «Gaddafiren jarraitzaile asko zeuden; etxez etxe joan behar genuen armarik gordetzen ez zutela ziurtatzeko», azaldu digu komandante eta tribuburuak.

Gaddafiren semeak oinez ihes egin zuelakoan dago Mokhtar: «Haren konboia jo zuen NATOren misila entzun genuen, baina hara iristean haren laguntzaileen gorpuak besterik ez genuen aurkitu», gogoratu du Mukhtarrek.

Elkarri agur esan aurretik, onartu du buruzagiak harrapakatzeak izan direla. «Konpentsazioa» dago bidean: «Aurki hiru milioi dinar [1,5 milioi euro] banatuko ditugu herritarren artean, dena urrean. Azken orduko xehetasunak baino ez zaizkigu falta horretarako».

Bitartean, Abdulhamid Sale biktima, Bani Ualidekoa hura ere, guztien errolda prestatzen ari da. Lapurrek 52 bala behar izan zituzten haren etxeko atea ireki ahal izateko. «Delitu hauek guztiak autoritateen aurrera eraman behar dira. Bani Ualideko inor ez dago prest horiek aitortu nahi ez dituen administrazio batekin lan egiteko», dio ingeniari mekanikoak. Galdutako gauzen artean, batek sorrarazi dio berebiziko samina: «Nire semearen ikasketa diploma erditik hautsi dute. Ziurrenik ez zitzaien gustatu «berde» hitza eskolaren izenean —berdea Gaddafiren ideologiaren ikurra zen—, damu da Abdulhamid. Ahal bezain laster, Erresuma Batura itzuliko da.

«Gure herria NATOk bonbardatu du, eta Libia osotik iritsitako milizianoek gure etxeak asaldatu eta erre dituzte», dio Salek. «Askapena deitzen diote honi? Guretzat okupazio gordina besterik ez da».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.