Piedad Cordoba. Kolonbiako ekintzaile bakezalea

«Gerrari eutsi nahi dio gobernuak; soldaduak hiltzea errentagarria zaio»

Kolonbiako senatari zena hemezortzi urterako inhabilitatu dute FARCekin duen ustezko loturagatik. Gerrillariak haiek bezalakoak direla erakutsi nahi die herritarrei, eta bakea dutela helburu.

2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Piedad Cordobak (Medellin, Kolonbia, 1955) ez du bere herrialdeko bakea lortzeko lanetan amore emateko asmorik. Donostian izan da, Mundubat eta San Sebastian Munduen Artean erakundeen eskutik, eta Kolonbiako egoeraren inguruan aritu da. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarreko gerrillarien eta gobernuaren arteko elkarrizketak ezinbestekoak direlakoan, lanean jarraitzen du Bakearen Aldeko Kolonbiarrak erakundean. Hain zuzen, datorren asteartean kalera irteteko deia egin dute Kolonbian, bahitu guztiak aska ditzatela eskatzeko.

Joan zen astean FARCek bahitutako lau soldadu eta polizia hil zituzten erreskate operazioan. Nola hartu duzu albistea?

Egia esan, ez dakit zehatz zer gertatu den, Euskal Herrian bainengoen berria eman zidatenean. Bakearen Aldeko Kolonbiarrak erakundeak, baina, gobernuarekin harremanetan jarri nahi izan zuen aurretik, FARCek gutun bat bidali zigula adierazteko eta gatazka konpondu nahi dutela erakusteko. Hori herriak jakin dezan nahi dugu. Izan ere, azkenaldian gobernuak hartu duen jarreraren bidez, bahituen askapenak festa bilakatu dira. Pantaila erraldoiak jartzen dituzte kaleetan, eta herritarrek zuzenean ikus dezakete telebistaz. Baina hori baino askoz gehiago dira. Guk herritarrei erakutsi nahi diegu gerran ez duela edozerk balio; preso horiek askatzeko elkarrizketak behar direla, eta ezin zaiola gizarteari saldu FARCeko kideak okupatzaileak direnik. Base militarrak Kolonbian jarri dituztenak dira benetan okupatzaileak; AEBak, adibidez.

Gobernuak ez die erantzun zuen eskakizunei?

Ez. Azken asteko ekintzan, hain justu, gobernuak argi zuen gerrillarien aurka tiro egingo zuela. Bazekiten ezingo zituztela bizirik topatu, baina irudi hori saldu zieten herritarrei. Gerrari eutsi nahi dio gobernuak; soldaduak hiltzea oso errentagarria zaio. Gainera, beste hainbat interes daude erasoen atzean. Agintariek ez dute esaten ekintzaileak kokaturik dauden eremuetan urrea, palma olioa, ikatza, gasa, azukre kanaberak, ura eta abar dagoela; hau da, aberastasuna. Baina hori da eraso egiteko duten arrazoi nagusietako bat.

Zuk oso ongi ezagutzen duzu egoera. Zerk bultzatzen du herritar bat gerrillan sartzera?

Goseak bizi den jendeak ez du beste irtenbide eta aukerarik ikusten, gerrilletan borroka egitea baino. Kartzelan daudenetako batzuk, gainera, alderdi politikoetako kideak izan ziren hasieran. Gure erakundeak herritarrei ikusarazi nahi die ekintzaileak haiek bezalakoak direla, hizkuntza mernindieraz hitz egiten dutela eta asko nekazariak direla. Horretarako lan egin dugu.

Alvaro Uribe presidente ohiak baino ospe hobea du Juan Manuel Santosek nazioartean. Barrutik nola ikusi duzu aldaketa?

Biek ala biek antzeko politika egin dute. Ezin dut haien arteko ezberdintasunei buruzko iritzi borobilik eman, baina argi dut erantzunak baino galdera gehiago sortu dituztela. Borroka armatuan sartuta ez gaudenak ere, ez gatoz bat gobernuarekin. Kolonbiako arazoa indarkeria armatua dela esatea gezurra da; horren ordez, estatuak iragan urteetan egindakoaren ondorioa da indarkeria, ez alderantziz. Politika egokiak egin izan balira, gaur egun ez lirateke hogei milioi behartsu egongo, ez lirateke 5,3 milioi lagun beren etxeetatik lekualdatuko, eta ez lirateke 60.000 desagertutik gora egongo. Izan ere, estatuari lau aldiz gehiago kostatzen zaio gerrillari bat kartzelan izatea gazte baten unibertsitate ikasketak ordaintzea baino.

Bestalde, Santosen jokaeran kontraesanak daudela deritzot. Izan ere, Palestina NBEko eskubide osoko estatu kide gisa onartzea ukatu ostean, hara joan zen Israelekin duen gatazkan bitartekari gisa lan egiteko bere burua eskaintzera. Soldadu israeldar bat milatik gora palestinarren truke aldatzea onartu zuen, eta Kolonbian, berriz, halakorik egiteko baimenik ez ematea nola da posible?

Azaroaren hasieran jakin genuen Alfonso Cano FARCeko buru ohiaren hilketaren berri. Timochenko ezarri zuten berehala haren ordezko. Nola ikusten duzu FARC?

Guretzat, Alfonso Canoren heriotza oso gertaera gogorra izan da. Kolonbiarra zen, gure anaia, eta bide bat, proposamen bat, esperantza bat zegoela uste zuen hark. Eraiki beharreko Kolonbiaren inguruan eztabaida bat egin nahi zuen berak, eta beste herrialde bat eraiki zitekeela sinetsita zegoen.

Timochenko ezarri dutenetik, baina, ez da aldaketarik egon. Kode oso zehatzak jarraitzen dituzte gerrillan. Timochenkok, gainera, Canoren heriotzaren ostean gutun bat bidali dio Santosi, eta oso era burutsuan aritu da. Ez dago beldurturik presidenteak egin dion mehatxuagatik. Nire iritziz, oso esanguratsua da bataren eta bestearen jarrerak alderatzea: Timochenkok elkarrizketarako bideak erraztu nahi ditu, eta besteak boxeoko eskularruekin erantzun dio.

Zer deritzozu FARC eta narkotrafikoaren artean egiten duten loturari?

Narkotrafikoa eta FARCen arteko lotura ontzat ematea gezurra da, hori hala balitz Polizia eta armadarekin ere gauza bera egin beharko litzatekeelako. FARCek finantzatzeko bideak bilatu behar izan ditu, argi dago; baina horrek ez du esan nahi gerrilla politikoa ez denik. Hain justu, drogak legeztatzearen inguruko erabakia bera ere politikoa da. Azken batean, gobernuak erabiltzen dituen baieztapenak dira, kode etikorik jarraitu gabe eta parean aurkitzen duena suntsitzeko asmoarekin egindakoak. Nik ez dut uste FARC gerrilla narkotrafikatzailea denik, eta horretaz ohartzeko ez da gehiegi jakin behar; Alfonso Cano bera hil zutenean, ez zuten hegazkin batean ihesean aurkitu, ezta gaztelu batean ere; horren ordez, etxetxo txiki batean zegoen, bera bizi zen lekuan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.