Gerrillari maoistak Nepalgo armadan integratu dituzte, akordioei jarraikiz

Kanpalekuak eta armak militarren esku utzi dituzte, eta 6.000 borrokalari soldadu bihurtuko dira

Erredakzioa
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Nepalgo gerrilla maoistako kideak eta baliabideak formalki armadaren esku daude atzotik, herrialdeko alderdi politikoek hala hitzartu ondotik. 2006an abiarazi zuten bake prozesuan pauso garrantzitsutzat aurkeztu dute. Iazko abenduan egindako akordio baten arabera, gerrilla maoista osatzen zuten 17.000 borrokalari inguruetatik 6.000 inguru sartuko dira Nepalgo armadan. 9.000 izan ziren, ordea, sartzeko eskakizuna egin zutenak. Gainerako 3.000ek armadan ez sartzeagatik kalte-ordaina jasoko dutela jakinarazi dute agintariek. Nepalgo Alderdi Komunista Bateratuaren (maoista) sektore batek alderdiko buruek desmobilizazioaren inguruan hartutako erabakia kritikatu du. Katmandun garraio publikoan ordubeteko geldialdia deitu zuten protesta egiteko atzo.

Gobernuaren eta maoisten arteko gerra zibila 2006an bukatu zen. Ordutik gerrillariak NBE Nazio Batuen Erakundeak gainbegiratutako kanpalekuetan ezarrita egon dira, akordio politiko baten zain. Armada atzo sartu zen kanpalekuetara, eta gerrillaren armak ere bereganatu zituen. Nanda Kishor Pun buruzagi militar maoistak BBC kateari adierazi dionez, soldaduek eta gerrillariek ongietorria egin diote elkarri, eta elkar aurkeztu dute. «Bukaera da hau. Bake prozesua eginda dago. Armadek bat egin dute». Gerrillarien integraziorako batzorde berezia gaur bilduko da. Horrek hautatuko du 9.000 gerrillarietatik zein sartuko diren armadan, eta zein adar militarretako kide izanen diren, Bhim Rawal batzordeko kideak Efe agentziari jakinarazi dionez. Gerrillariak soldadu bihurtzeko trebakuntza «egun batzuen buruan» has litekeela adierazi du Rawalek, eta horrekin bukatutzat emanen dutela bake prozesua.

Iazko urte amaieran akordioa itxi zutenean, armadan posturik gabe geldituko diren gerrillariek 500.000 eta 800.000 errupia nepaldar artean jasoko dituztela hitzartu zuten —7.174 eta 11.605 euro artean—. Hitzarmena herrialdeko lau alderdi nagusiek egin zuten: Nepalgo Alderdi Komunista Bateratuak (maoistak), Nepalgo Kongresuak, Nepalgo Alderdi Komunistak (marxista-leninistak) eta Madeshi Herriaren Eskubideen Foroak. Hor bildu zuten bakearen eta adiskidetzearen batzorde baten sorrera, maoistek gerran konfiskatutako lurren itzulera.

Gerrillarien etorkizuna zehaztea gatazkaren konponbiderako giltzarrietako bat zen lau alderdientzat, eta orain helburu nagusia konstituzio bat hitzartzera bideratuko dute. Heldu den hilaren 27a paratu dute horretarako epe mugatzat. Prozesuak oraingoz aitzinera jarraitu badu ere, maoisten artean bada ados ez dagoenik. Mohan Baidya da lider ezagunena. 1984an alderdi maoista bateko idazkari nagusi izendatu zuten, eta hainbat bateratze prozesuren ondoren egungo alderdiaren barrenean bukatu zuen.

Sei urteko prozesua

Nepaleko maoistek 1996an hasi zuten monarkiaren aurkako matxinada. Hamar urtean 18.000 lagun inguru hil zituzten gerran. 2006an Gyanendra erregeak, gerrillak eta monarkiaren aurkako protestek presionatuta, parlamentua berrezartzea erabaki zuen, eta ganberak erregearen boterea murriztu zuen. Urte horren amaieran egin zuten maoistek eta agintariek bake hitzarmena. 2007an, maoistekin hala hitzartuta, monarkia abolitu zuen parlamentuak, eta hurrengo urtean maoistek parlamenturako bozak irabazi zituzten.

Ordutik, bake prozesua hautsi ez den arren, gorabehera anitz izan dira Nepalgo politikan, lehergailu bidezko atentatuak eta zenbait borroka barne. Iazko abuztutik, ordea, bake prozesuan aitzinera egiteko gutxieneko egonkortasuna ezarri da Katmandun, parlamentuak Baburam Bhattari maoista lehen ministro hautatu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.