Gerrillari tamilen esku zegoen hiria hartu du Sri Lankako armadak

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Vakarai, LTTE tamil tigreen gerrillaren gotorleku izan da orain arte, baina atzo Sri Lankako armadak bere eskutan zegoela esan zuen. «Tropek Vakarai kontrolpean hartu dute», Prasad Samarasinghe armadako bozeramailearen arabera. «Milaka herritar Gobernuak kontrolatzen duen gunera etorri dira».

Gobernuak kontrolatu duen gunetik haratago alde egin dute tamilek, gobernuz kanpoko erakundeek adierazi dutenez. Atzo, gatazkaren erdian harrapatutako askok, ospitalera bidea hartu zuten, baina armadak handik aldegiteko agindua eman zieten. «Gerrillariek giza ezkutu bezala erabiltzen dituzte herritarrak», Samarasinghek esan zuenez. Gerrillariek, berriz, «armadak herritarren kontra egitea ohikoa» dela esan zuten.

Gerrillarien eta armadaren arteko borrokaldietatik ihesi atera dira 20.000 tamil azken egunotan, eta lekualdatuen guneetan pilatzen ari dira. Bikoiztu egin da leku horietan berez sartu beharko litzatekeenen kopurua, eta GKEek 30 gune berri zabaldu dituzte. Ez diote, ordea, irtenbiderik eman dagoen lekualdatu andanari, eta datozen egunetan herritar gehiago espero dituzte.

Liskarrak dauden lekuetatik alde egiteko oso zaila dute herritarrek. Tiroka ari diren eremuak igaro behar dituzte, eta geografia zailtasunak. Familia asko sakabanatu egin dira ihesak iraun duen bitartean. Elikagaiak, edateko ura, eta higienerako ezinbestekoak behar direla ohartarazi dute giza erakundeek.



EHUNKA HILDAKO. Sri Lankako Defentsa Ministerioko datuen arabera, 331 gerrillari tamil tigre eta armadako 45 kide hil dira elkarrenarteko borrokan, Vakaraiko borrokaldia hasi zenetik, joan den urritik. Tamilek ez dute datua baieztatu. Diotenez, gerrillarien pean dagoen iparralderako bidea itxita du armadak orduz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.