Goizaldean abiatu zuten erasoa 200 bat ekintzailek, Nazran, Karabulak eta Sleptsovskaia herrietan. Nazranen, Barne Ministerioa kontrolpean hartu eta su eman zioten. Bestalde, Poliziaren biltegiei eta muga poliziei eraso zieten Ingushetiako Gobernuaren arabera, armak eta munizio ugari lapurtu zituzten. Aldi berean, beste gerrillari independentista talde batek Karabulak eta Sleptsovskaia herrietan, Kaukasoa zeharkatzen duen Rostov-Baku errepide estrategikoko zenbait gune hartu zituen kontrolpean.
Lekukoek ziotenez, hainbat ordu iraun zuten Nazrango borrokek. Hain izan zen larria egoera, ezen zerbitzu sekretuek ukatu egin behar izan zuten gerrillariek Ingushetia kontrolpean hartu zutela. Errusiako Defentsa ministro Igor Ivanovek, bestetik, ziurtatu zuen gerrillari txetxeniarrei aurre egiteko nahikoa indar bazituztela eta, arratsaldean, Errusiako presidente Vladimir Putin helikopteroz joan zen Errepublikara, egoera «kontrolpean» zutela erakusteko.
Moskuko iturriek diote Txetxeniarekiko mugara milaka soldadu eta gerra helikopteroak bidali dituztela. Moskuren aldeko Txetxeniako presidentetzak ohartarazi du gerrillariak eraso gehiago egiteko asmotan daudela: «Azken 7-10 egunetan 800 eta 1.000 gizon artean igo dira mendira, gerrillarekin bat egiteko».
Errusiako Grani egunkari elektronikoaren ustez, atzoko erasoak erakusten du Txetxeniako erresistentziak borrokarako ahalmenari eusten diola. «Hauek ez dira ekintza terroristak. Kremlinek duela bi urte amaitutzat eman zuen gerraren jarraipena da», nabarmendu zuen.
Azken hamarkadan Ingushetian egindako arma eraso handiena izan zen atzokoa.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak negoziaziatzeari berriro ere uko egin eta gerrillarien aurka gogor ekiteko eskatu zuen atzo; gerrillariak «suntsitu» behar zirela. «Bizirik utz daitezkeenak», aldiz, epaitegietara eramateko agindu zuen, Segurtasun, Barne eta Defentsa ministroen aurrean egindako bilera batean.
Aslan Mashkadov Txetxeniako presidente independentistak joan den astean iragarri zuen gerrillariak eraso gehiago egiteko prestatzen ari zirela. Abuztuan hauteskundeetara deitu du Errusiak Txetxenian, presidente berria aukeratzeko. Hori dela eta, atentatuak espero dira datozen hilabeteetan. Moskuren aldeko presidente Akhmad Khadirov joan den hilabetean hil zuten txetxeniarrek, atentatuan.
Harreman historikoak
Txetxeniar eta ingushetiarrek harreman estuak izan dituzte historikoki eta 1936an, Txetxeniarekin batera, Txetxenia-Ingushetiako Errepublika Autonomoa osatu zuen bigarrenek. 1991n, txetxeniarrek independentzia aldarrikatu zutenean, ingushetiarrek erreferendum bat egin eta Errusia barneko errepublika izatearen alde bozkatu zuten.
Ingushetiak hartu ditu Txetxeniako azken bi gerretako errefuxiatu gehienak. Azken errefuxiatu gunea, ordea, duela gutxi itxi zuen.
Ingushetiako egungo presidente Murat Ziazikov 2002an hautatua Errusiako segurtasun zerbitzuetako kide ohia da eta Moskuren aliatu estutzat jotzen da. Aurtengo apirilean, atentatu saio batean zauritu zuten. Ziazikoven aurretik presidente izan zen Ruslan Aushev, aldiz, Ingushetiaren independentziaren aldekoa zen. Moskuk Txetxeniaren inguruan zuen politika salatu eta negoziazioak eskatu zituen. Alabaina, desadostasunak zituen Kremlinarekin bere agintaldiari buruz ere, eta dimisioa eman zuen.
-
GIZA ESKUBIDEAK
Ingushetia, «bigarren Txetxenia»
Ingushetia «bigarren Txetxenia» bihurtzen ari da Errusia, herritarrek eta giza eskubideen aldeko erakundeek salatzen dutenez. Azken hilabeteetan, 40 lagun bahitu dituzte, hainbat lagun hiltzeaz gain. Hil dituztenak ez dira soilik Errusiak «terroristatzat» edo «terroristen laguntzailetzat» jotzen duen jendea, baita susmagarritzat jotzen ez dituen zibilak ere.
The Guardian egunkariak jakinarazi duenez, adibidez, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalarentzat (FSB) lanean ari zen Rashid Ozdoiev Moskuk berak bahitu zuen martxoan. Ozdoiev fiskal ingushetiarra zen eta bere lana FSBren jarduna eta bahiketak ikertzea zen. Antza, bahitua izan baino egun batzuk lehenago, Moskuko fiskalari eman zion abusuen berri. Lan bidaia bat egiten ari zela bahitu zuten, autoan zihoala. Ozdoieven aitaren arabera, haren autoa FSBren egoitzan egon zen egun oso batez, bahitua izan ostean. Familiak ez daki non dagoen Ozdoiev. Daukan zantzu bakarra da bahiketa baieztatzeko jaso zuen dei baten grabazioa. Ustez FSBko kide batek egin zuen deia.