Darfur eskualdean bederatzi polizia hil ziren atzo gerrillarien eraso batean. Khartumgo gobernuak eta eskualdeko gerrillari talde nagusiak bake akordioa sinatu eta biharamunean izan da erasoa. Ata Al Manan gobernadoreak jakinarazi zuen berria, baina erasoa zein gerrillari taldek egin duen ez zuen argitu.
SLM Sudan Askatzeko Mugimendua eskualdeko gerrillari talde nagusia da, eta taldeko zati batek bake akordioa sinatu zuen herenegun Gobernuarekin. Bi urte eta hilabete bat iraun duten bake negoziazioen ondoren lortu zuten akordioa. Saifaldin Haroun taldeko bozeramaileak akordioa nazioarteko sostengua ez galtzeko sinatu zutela esan zuen atzo: «Bake akordioa sinatzeari uko eginez gero, nazioarteko sostengua galduko dugu. Gatazkan aurreneko mugimendua gara. Orain arte asko sufritu dugu, eta uste dugu tragedia hau amaitzeko garaia dela».SLM taldeko beste aldeak, alta, uko egin zion akordioa sinatzeari euren ustetan ez duelako janjauid milizien desarmea bermatzen ustez agintariek sostengatzen dute milizia arabiarra. Bake akordioa «hondamenditzat» jo dute zatitu zen mugimenduko kideek.
JEM Justizia eta Berdintasunerako Mugimenduak ere uko egin zion akordioa sinatzeari. Presidenteordea eskualdekoa izatea eta bertara diru gehiago bideratzea aldarrikatzen du.Kofi Annan NBEko idazkari nagusia pozik agertu zen atzo bake akordioarekin, baina konpromisoak betetzea zaila izango dela onartu zuen. Akordioa sinatu ez duten gerrillari taldeei hitzarmenarekin bat egitea galdegin zien. Nazioarteari, aldi berean, giza laguntza emateko garaian «eskuzabala» izate-ko eskatu zion. Jan Egeland Gai Humanitarioetarako idazkariordea atzo iritsi zen Khartumera.Gobernuak eskualdeko herritarrak baztertuta zeuzkala argudiatuta duela hiru urte matxinatu ziren gerrillariak.Geroztik, 200.000 pertsona hil dira eta bi milioi herritar inguruk ihes egin behar izan dute Darfurtik.
Gerrillariek 9 polizia hil dituzte, bake akordioa sinatu eta biharamunean
SLM gerrillak dio nazioarteko sostengua ez galtzeko sinatu duela akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu