Libre geratu osteko agerraldian, Jean McConvilleren hilketarekin zerikusirik eduki izana ukatu, eta bere kontrako "kanpaina maltzurra“ salatu du Adamsek. Azaldu duenez, poliziek argazki zaharrak eta "bake prozesuaren etsaien“ elkarrizketak aurkeztu dizkiote.
[Youtube]http://youtu.be/Q4yAR7KBm2I[/Youtube]
Bake prozesuarekiko Sinn Feinen konpromisoa berretsi du Adamsek, eta PSNI Ipar Irlandako Polizia babestu du.
1972an hil zuten McConville, eta IRAko kide ohi batek Adamsi egotzi zion hilketa. Duela bi hilabete, Poliziaren aurrean deklaratzeko prest agertu zen Adams, eta asteazkenean aurkeztu zuen bere burua Antrimeko polizia etxean. Esan du "tratu berezirik" ez zuela espero baina atxilotuta egon izana "seinale txarra" dela.
Lau egunez galdekatu du PSNIk Gerry Adams Sinn Feineko presidentea. Atzo geratu zen aske. Poliziak txosten bat igorriko dio fiskalari, hark Adamsen aurkako ekinbiderik abiatuko duen edo ez erabakitzeko.