Irlanda

Gerry Conlon hil da, Guildfordeko lauretako bat

Guildfordeko taberna batean bonba bat jartzeagatik, 1974an preso sartu zuten Conlon, beste hiru lagunekin batera. Hamabost urte egin zituen espetxean, errugabea zela frogatu zen arte.

Gerry Conlon, 2005ean, Tony Blair lehen ministroaren barkamen eskutitza eskuetan zuela. STEFAN ROUSSEAU / EFE
2014ko ekainaren 21a
12:29
Entzun

Hamabost urte egin zituen espetxean Gerry Conlonek. Guildfordeko lauretako bat zen. 1974an IRAk Guildfordeko taberna batean egindako atentatuaren erantzule egin zituzten laurak, nahiz eta errugabe ziren. Conlon ostiralean hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz, Belfasteko bere etxean. 60 urte zituen.

1989an, Helegite Auzitegiak bertan behera utzi zuen Conlon, Paul Hill, Carole Richardson eta Paddy Armstrongen aurkako epaia, argudiatuta Poliziak haien aurka aurkeztutako frogak ez zirela argiak. "Egin ez dudan zerbaitengatik egon naiz preso. Erabat errugabea naiz", esan zuen Conlonek espetxetik irtendakoan. Handik urte batzuetara, 2005ean, orduan Erresuma Batuko lehen ministro zenak, Tony Blairrek, barkamena eskatu zien.

1991ko ekainean, Maguireko zazpien aurako epaiak ere bertan behera utzi zituen Helegite Auzitegiak. Izan ere, Conlonekin zituzten harremanengatik sartu zituzten preso.

In The Name of the Father (Aitaren izenean) filmari esker, mundu osoan egin zen ezagun Guildfordeko lauren kasua. Conlonen aita, Giuseppe Conlon, atxilotu egin zuten, semeari laguntzeko asmoz Belfastetik Londresera zihoanean. Espetxean hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.