Astearen hasieran Afganistango 2.000 bat lider erlijioso bildu ziren, eta talibanei eskatu zieten uko egin diezaiotela gerra "ilegitimoari". Axraf Ghanik gaur eman du su-etenaren berri, baina talibanek ez diote, oraindik, proposamenari erantzun. Ghanik jakinarazi du, baina, su-etena irautekoa den aste horretan EI Estatu Islamikoari "erasotzen" jarraituko duela Afganistango armadak. Ramadanaren amaierarekin bukatzekoa da su-etena, hilaren 19an edo 20an.
Ghanik bake proposamen bat egin zien talibanei joan den otsailean, proposatuz, besteak beste, alderdi politiko gisa aitortuak izatea, eta preso dauden militanteak askatzea. Talibanek, baina, ez zuten onartu, eta hildako asko eragin dituzten erasoak egiten jarraitu dute; azkenekoa atzo bertan, bi pertsona hil zituena.