osasuna

GIBa zuen haur bat sendatu dutela dio AEBetako sendagile talde batek

Frogatzen badute haurra sendatu dutela, aurreneko kasua izango litzateke birusa duen ume bat osatzen dela.

2013ko martxoaren 4a
18:48
Entzun

Amerikako Estatu Batuetako sendagile talde batek atzo jakinarazi zuenez, GIB Giza Immunoeskasiaren Birusa zuen haur bat sendatu dute. Hala egin dutela frogatuz gero, aurreneko aldia izan liteke birusa duen ume bat osatzen dela. 2010ean jaiotako neska bat da haurra. Jaio eta berehala, tratamendu bortitz bat ezarri zioten.

Deborah Persaud Baltimoreko Johns Hopkins Unibertsitateko ikertzailearen arabera, azken urtebetea sendagairik hartu gabe eta birusaren jardunik nabaritu gabe igaro du urtea umeak. Ikertzaileen ustez, haurraren kasuak frogatzen du umeetan GIBa senda daitekeela, baina saio gehiago egin beharko dituzte tratamenduak beste haur batzuk sendatzeko balio duela ebazteko. Edonola ere, ziurtatu dute aztergai duten kasuak aldatu egingo duela GIBdun haurrei tratamendua egiteko era.

Arantxa Arrillaga Osakidetzako Hiesa eta sexu transmisioko infekzioko planaren soziologoak azaldu duenez, urtero 330.000 haur jaiotzen dira munduan GIBarekin —gehienak Afrikan eta Asian—. "Haur guzti horientzat itxaropen ate bat zabaltzen du AEBetako kasuak". Mendebaldeko gizartean emakumeen haurdunaldia oso kontrolatuta dago, eta amei GIBaren froga egiten zaie behin baino gehiagotan. "Amak GIBa badu tratamendua jartzen zaio. Horrenbestez, gaur egun apenas jaiotzen da haurrik GIBarekin. Baina errealitatea bestelakoa da Afrikan eta herri txiroetan", esan du Arrillagak. Euskal Herrian iaz  soilik haur bat jaio zen GIBarekin. "Esaten da ama batek bere umeari birusa transmititzeko probabilitatea %2koa dela —Euskal Herrian—. Baina portzentaia dezente txikiagotu egin daiteke, tratamenduei esker".

AEBetan agertu den kasua "anekdotikoa" da soziologoaren arabera. "Ez dakigu sendatu den neskaren tratamenduarekin gauza bera gertatuko litzatekeen helduekin". 2007. urtean gizon bati hezur muinaren transplantea egin zioten, eta birusa bere gorputzetik desagertu zen. Hori izan zen GIBa sendatu zuen aurreneko gizakia. «Momentuz, bi kasu aislatuak dira. Gertatzen dena da  AEBetako neskaren kasuarekin ikerketarako bide eta abiapuntu berriak agertzen direla. Abiapuntu sendoa da, benetako kasu bat izan delako».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.