GIBRALTAR . Konstituzio proposamena hitzartu dute bi aldeek

Caruanak dio segur aski uda aitzin egingo dutela erreferenduma

Erredakzioa
2006ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Gibraltarrerako konstituzio berriaren inguruko elkarrizketak bukatu ditugu gaur [atzo]. Konstituzioaren testuari buruzko elkarrizketak oso ondo joan dira. Hurrengo fasean Erresuma Batuko ministroek aztertuko duteemaitza», adierazi zuten atzo, negoziazioak bukatuta, Gibraltarko eta Londresko negoziatzaileek. Hitzartutako testuak ahalik eta autogobernu mailarik handiena proposatzen du lurraldearentzat, betiere Londresen menpe geratuta. Gibraltarko lehen ministro Peter Caruanak esan zuen «segur aski» heldu den uda baino lehen konstituzio berriaren testuari buruzko erreferenduma egingo dutela.

Konstituzioaren eduki nagusiaz kontsentsua lortu badute ere, hainbat atal eztabaidatzen segituko dute bi aldeek. Hala nola, autodeterminazioari dagozkion puntuak, sarreran aipatuak. Zentzu horretan, ikuspuntu ezberdinak dituzte Gibraltarko Gobernuak eta oposizioak. Baina azken horrek negoziatzaileek hitzartutako testuari sostengua eman diote.Nolanahi ere, ezberdintasun horiek konpondu beharko dituzte, zeren eta baliteke oposizioak erreferendumean ezezkoa eskatzea.Bitartean, Espainiako Gobernuak gertutik jarraitu ditu aste honetan eginiko elkarrizketak. Madrilek dio Gibraltar berea dela eta britainiarrek kolonia bihurtu zutela. Hala ere, herenegun gauean esan zuen begi onez ikusten zuela Utrechteko Itunak (1713koa) onartzen dizkion eskubideak mantentzen direlako. Londres, aldiz, bere ministroek elkarrizketen emaitzez esandakoaren zain zegoen, eta herenegun gauean ez zuen adierazpenik egin.

Autodeterminazioa

Jokoan dagoen auzi nagusia hau da: Londresko gobernuak zer neurritaraino ahalbidetuko dion Gibraltarri autodeterminazio eskubidea gauzatzea. Konstituzio berria erreferendumean onartzea herritarren hitzari balioa emateko modu bat da.

Londresek beti esan du Utrechteko Itunak Gibraltarren autodeterminazio eskubidea mugatzen duela, alegia, ez duela independentziarako eskubidea onartzen.Edozein modutan, Gibraltarrek ez du independentzia nahi, ahalik eta autonomiarik zabalena baizik, Londresen subiranotasunaren pean jarraituta. Nolanahi ere, ez du Utrechteko Ituna balekotzat jotzen. Negoziazioen hasieratik ordezkari gibraltardarren helburua autonomia zabalerako aukera hori konstituzio berrian bermatuta geratzea izan da. Ez dute kolonia estatusa izan nahi, baina britainiar izaten segitzea da haien asmoa. Peter Caruanak herenegun gogoratu zuen horixe zela haien helburua. Hitzartu duten konstituzio zirriborroak klausula bat du autodeterminazio eskubidearen inguruan, non Utrechteko Ituna aipatu gabe, Londresko negoziatzaileen posizioa ere barne hartzen duen. Bart, lerro hauek idazteko unean Madrilgo gobernuak ez zuen adierazpenik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.