Gineako armadak gobernua desegin zuen atzo, Lansana Conte herrialdeko presidentea hil ostean, Konstituzioa bertan behera utzi zuen, eta gaur agindu du 2010eko abenduan "hauteskunde libreak, sinesgarriak eta gardenak" antolatuko dituela. Gineako Irratian agiria irakurri du armadak.
"Orain gure kezka bakarra, Ginearen batasuna zaintzea da", esan dute militarrek, "herri hau arriskuan baitago". Euren estatu kolpe saioa ekintza "zibikoa" dela deritzote.
Oraingoz, Ginearen Demokraziarako eta Garapenareko Kontseilu Nazionala sortu dute han, eta bertako 32 kideetatik militarrak dira -bat jenerala da, bederatzi koronelak-; kontseiluko beste seiak zibilak dira. Oraindik ez dute jakinarazi zein den burua.
Hango legediaren arabera, Asanblada Nazionaleko arduradunak hartu beharko luke Errepublikako presidente kargua, behin-behinean, 60 egunen buruan atzera hauteskundeak egin arte.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak Gineko "pzozesu demokratikoa" errespetatzeko dei egin dio armadari.
Gaixorik zegoen Conte, diabetesak jota, eta horren ondorioz zendu dela zabaldu dute. 74 urte zituen. Etzi ehortziko dute. 1984an lortu zuen boterea, militar batzuekin batera estatu kolpea emanda, eta polemikaz beteriko hiru hauteskunde irabazi zituen. 2007ko otsailean kontsentsuzko lehen ministroa izendatzea onartu zuen, sindikatuek eginiko protesta handien ondoren. Piztutako liskarren eta Poliziaren esku-hartzearen ondorioz orotara ehun lagun hil ziren.
munDUA
Gineako armadak dio 2010ean "hauteskunde libreak" antolatuko dituela
Gobernua desegin eta Konstituzioa bertan behera utzi zuten atzo militarrek, Lansana Conte presidentea hil ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu