Ikerkuntza

Giza enbrioiak genetikoki eraldatzea baimendu dute Erresuma Batuan

Londresko ikerketa talde batek egindako eskaria ontzat jo dute, ugalkortasun arazoei buruzko informazioa osatuko dutela-eta

arantxa iraola
2016ko otsailaren 1a
12:30
Entzun

Erresuma Batuko Giza Enbriologia eta Ugalkortasun Agintaritzak eman du baimena, Londresko Francis Crick Institutuko ikertzaileek egindako eskari bat ontzat emanez. Adierazi dutenez, ikerketa horien bidez giza enbrioien garapena hobeto ulertu nahi dute, zenbaitetan abortuak zergatik gertatzen diren ulertzeko. Giza enbrioietan horrelako eraldaketak egiteko baimenik ez zuen eman orain arte inork, eta oihartzun handia izan du albisteak. Etikoki albisteak dudak sortzen dituela oroitarazi dute hainbatek, DNA eraldatuta duten gizakiak sortzea ekar dezakeelako ikerketa lerro horrek. Oraingoz, ikerketarako asmoz jardungo dute zientzialariek.

Albiste hau posible izan da orain hiru urte ikertzaileek garaturiko CRISPR/Ca9 teknikaren bitartez; izan ere, sistema hori erabiliko dute enbrioietan eraldaketak egiteko. Ez dira lehenak izango. Lehengo urtean Txinako ikerketa talde batek esan zuen genoma eraldatu ziela hainbat giza enbrioiri. Oihartzun handia lortu zuen albiste hark ere, eta polemikaren hauts artean egin zen ezagun; Nature eta Science aldizkari ezagunek, esate baterako, ikerketa ez argitaratzea ebatzi zuten.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.