Giza enbrioien testak, auzitan

Ugaritzen ari dira giza enbrioiei amaren umetokian jarri aurretik egiten zaizkien probak; gaitzik gabeko umeak sortzeko egiten dira, onerako, baina duda etikoak sortzen dituzte

arantxa iraola
2006ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Giza enbrioia sortu den une beretik hari buruzko informazioa lortzeko gero eta aukera gehiago ematen ditu zientziak, batez ere genetikak. Gaitzik gabeko umeak sortzeko aukera ematen ari da hori; ekar ditzaketen gaixotasunak aldez aurretik ezagutu eta, hala gura bada, saihestekoa. Inplantea egin aurreko diagnostiko genetikoaren bidez, amaren sabelean jarri aurretik aztertzen dira enbrioiak, soilik genetikoki gura diren ezaugarriak dituztenak hautatzeko. Etikoki dudak sortzen dituen auzia da, korapilatsua. Nolanahi ere, apurka-apurka teknikaberrietara egokitzeko legeriak ari dira agertzen, irekiak batzuk, zorrotz eta uzkurrak besteak.

Europan, esate baterako, debeku zorrotzaren alde egin dute zenbait herrialdek: Alemaniak, Austriak, Irlandak... Galarazi egin dituzte era horretako diagnostikoak. Beste zenbait herrialde, ordea, guztiz galarazi beharrean, teknika horiei mugak jartzen hasi dira: gaitz hereditario larriak dituzten haurrak izateko arrisku handia duten bikoteeieskaintzen dizkiete, betiere, kasu bakoitza zorrotz aztertuta. Bide horretan ari dira, esate baterako, Norvegia, Suedia, Frantzia eta beste zenbait herrialde.

Haratago egitera ausartu denik ere bada, ordea. Erresuma Batuan, esaterako, helduaroan gara daitezkeen gaitz genetikoak saiheteko ere baimendu dituzte test klase hauek. Maiatzean, minbizia--uterokoa, bularrekoa, kolonekoa-- eragiten duten mutazio genetiko mota batzuk atzemateko teknikak enbrioietan ere erabiltzen hastea onartu zuen Erresuma Batuko Giza Ugalkortasun eta Enbriologia Agintaritzak. Ate korapilatsua zabaldu zuen.

Erabaki horrekin, enbrioiak dakarten gaitzagatik bakarrik ez, ekar ditzaketenengatik ere bota daitezke atzera. Hala ere, Erresuma Batuko legeriak argi dio kasu bakoitza zorrotz aztertu behar dela oniritzia eman aurretik. Kasuan kasuko azterketa lehenesten du.

Ildo horretatik, enbrioien diagnostiko genetikoa sendiko kide gaixoen bizitza salbatzeko onartzen duten legeriak ere badira. Kasu horietan, ezaugarri genetiko jakin batzuk dituen umearen jaiotza ahalbidetzen da, zer eta gaixo dagoen sendiko pertsona bat osatzeko. Auzi arantzatsua da hori ere. Soilik Espainia eta Erresuma Batuko legeriek onartzen dute.

«Gai hauek herrialde bakoitzeko kultura, historia eta erlijioari oso lotuta daude, eta estatu askok beren mundu ikuskeraren eta idiosinkrasiaren adierazle bezala erabiltzen dituzte, Italiak eta Alemaniak kasu», zehaztu du EHUko zuzenbide zibileko irakasle eta bioetikako aditu Itziar Alkortak.

Oraingoz, munduaren zati txiki batean zabaldutako kezka da. Aberatsen kontua.«Herrialde askotan ez da horrelakorik egiten; teknologia falta dute».

Teknika berrietara egokitzeko legeriak ari dira agertzen, irekiak batzuk, uzkurrak besteak

Helduaroan gara daitezkeen gaitzak saihesteko ere baimendu dituzte testak Erresuma Batuan

josep santalo Biologoa. Bartzelonako Bioetika eta Zuzenbidea Behatokiko aditua

«Bere umeak gaitz genetiko bat ez izateko aukera nork ez du nahi?»

a.i

Ugalkortasunaren biologia irakasten du Josep Santalok, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bartzelonako Bioetika eta Zuzenbidea Behatokiko kidea ere bada. Inplantea egin aurreko diagnostiko genetikoaren onurak ondo ezagutzen ditu, eta sortzen dituen auzi etikoak ere bai.

Herentziazko gaitzak saihesteko bakarrik ez, herentziazko arriskuak saihesteko ere erabil daiteke ja giza enbrioien diagnostiko genetikoa; Erresuma Batuan orain hilabete batzuk zabaldu zieten atea test horiei. Auzi etiko zailak ekarriko ditu horrek, ezta?
Kontzeptu aldaketa bat ekarri dute erabaki horrekin. Orain arte gaitz genetikoak saihesteko erabili izan dira enbrioien azterketa genetikoak, betiere enbrioiak gaitz horiekin jaiotzeko arrisku handia zegoela jakina zen kasuetan. Orain, gaitz batzuk izateko joera handia duten enbrioiak ere saihesteko urratsa egin dute... Eta aldaketa handia da; izan ere, pertsona batek genetikoki minbizi klase bat garatzeko arrisku handiagoa izan dezake, baina horrek ez du esan nahi seguru garatuko duenik. %40ko arriskua izango du, edo %60koa akaso, baina inoiz ez osoa.

Eta enbrioi bat gaixotzeko izan dezakeen arrisku hutsagatik saihestea etika aldetik zuzena da?
Bide korapilatsua zabal dezake horrek. Eta bada beste arrisku bat ere, jaiotzen den jendearen informazio genetikoa esku-eskura izatea ekar dezake horrek, eta kontu handiz zaintzen ez bada, ba, esate baterako, aseguru etxeen esku buka dezake. Pertsona horiek, gaitz bat garatzeko duten arriskua ezaguna bada, estigma bat izan dezakete gainean. Akaso izango da %30eko arriskua, ez handiagoa, baina aseguru etxeren batek pertsona horren aurka erabil dezake. Erabilera okerra izan dezakeen informazioa da, eta ezinbestekoa da horrekin tentu handiz jokatzea.

Auzi hauek etika aldetik oraindik dudak sortzen dituzte. Baina ez ote da denbora kontua izango? Gero eta ohikoagoak eta egokiagoak ez al zaizkigu irudituko proba hauek?
Bai. Segur aski, bai. Gutxika-gutxika teknikak garatu eta ezagutarazi ahala gizarteak zer aukera dakartzaten ikusten du. Aurreneko in vitro ernalkuntzez oroitzen? Hura zurrunbiloa sortu zena, eta eztabaida handia, eta gaur egun ia mundu guztiak onartzen ditu. Auzi etikoen zama, denborarekin, arindu egiten da.

Test klase hauek eskura izateak ezin al gaitu eraman haur perfektuak bilatzera?
Eugenesiaren mugak hortxe daude. Legeek diote teknika hauek gaixotasun larrientzat direla, baina zeintzuk dira gaixotasun larriak? Zer zerrenda egingo genuke? Mugak jartzea oso zaila da. Gainera, gaixotasun horiekin zerrenda bat egin, eta ematen du zerrenda batean sartzen baditugu, gaixotasun horiek dituzten pertsonak desagerrarazteko modukoak direla esaten ari garela... Zaila da. Baina bere umeak gaitz genetiko bat ez izateko aukera nork ez du nahi? Edo gaitz bat izateko joera genetikoarekin ez sortzekoa? Gurasoen larruan sartu, eta nik behintzat segundo bakar batean ere ez nuke dudarik egingo.

Baina arinkeriaz teknika horiek erabiltzeko arriskua hor dago, eta gero eta handiagoa izango da...
Jakina. Guk, esaterako, daltonismoa saiheste aldera sexu aukeraketa egiteko eskaerak izan ditugu; eta uko egin diogu. Arrisku hori hor dago. Baina nik uste dut merezi duela arrisku horiek hartzeak. Teknika hauek arrisku baino abantaila handiagoak dakartzate; eta arrisku horiek kontrolatzeko neurriak har daitezke, gainera.

Zer neurri klase dira egoki eta eraginkorrenak?
Logikoena propio horretarako eratutako batzorde batek kasu hauek banaka-banaka aztertzea da, oniritzia edo ezetza emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.