Giza eskubideak urratu dituzten militarrak kendu ditu kargutik Kolonbiak

Hiru adingaberen hilketa argitzeko ikerketaren harira kargutik kendu dituzte zazpi militar

Erredakzioa
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketa eskandalu berri batek hartu du Kolonbiako armada. Zazpi militar kargutik kendu ditu Defentsa Ministerioak Arauca departamentuko Tame herrian, joan den urriaren 2an izandako gertakarien ikerketen harira. Orandik Fiskaltza Nagusiaren ikerketa aurreazterketa fasean badago ere, duela hilabete 13 urteko bi ume bortxatu zituztela eta euretako bat eta haien bi anaia, 6 eta 9 urtekoak, hil zituztela baieztatu dute.

Kolonbiako armadak atzo bere webgunean jarritako prentsa oharrean zioenez, lau ofizial eta hiru ofizialorde «zerbitzu aktibotik erretiratzea» erabaki du, «gertakarien lekuan zeuden tropen agintean eta kontrolean hutsak egin zituztelako». Eta gaineratu zuen ikertzen ari diren gertakariak «banakako portaeraren ondorio» izan zirela. Hiru adingabeen hilketak «berriz ere gaitzetsi,eta Fiskaltza Nagusiarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa» erakutsi zuen Kolonbiako armadak oharrean, «gertatutakoaren egia lehenbailehen argitu dadin».

Era berean, zazpi militarrak kargutik kentzeaz gain, Fiskaltza Orokorraren eskura jarri zuen atzo ofizial bat, «joan den urriaren 2ko gertakariekin lotura izan dezakeelakoan».

'Positibo faltsuak'

Ez da Kolonbiako armadak abusuengatiko salaketak jasotzen dituen lehenengo aldia. Atzokoa eskandalu bat gehiago da, Kolonbiak giza eskubideen urraketen inguruan dituen eskandaluen zerrendan. Azken urteotan, esaterako, gerrillaren eta talde paramilitarren arteko gatazka armatuaren barruan sortu den giza eskubideen urraketa eskandalu entzutetsuena positibo faltsuen kasua izan da.

Zibilak bahitzen dituzte soldaduek, eta, gerrillarien uniformeak jantzarazi ostean, hil egiten dituzte. Izan ere, hildakoen kopuruaren arabera neurtzen dira Kolonbian operazio militarren garaipenak. Une honetan, unitate militarrek Kolonbian eragindako giza eskubideen urraketa sistematikoen 1.300 kasu ari da ikertzen Kolonbiako Fiskaltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.