Mexiko. Huts egindako estatu bat?

GIZA ESKUBIDEEN HILERRI

Enrique Peña Nieto presidenteak herrialdeko konstituzioa aldatzeko proposamena egingo du bihar Mexikoko Kongresuan. Irailaren 26tik desagertuta dauden Ayotzinapako 43 ikasleekin hasitako krisialdia gainditu nahi du horrekin. Herritarrek mobilizazioei eutsi diete.

Goian, Enrique Peña Nieto Time aldizkariaren azalean, Mexiko salbatzen tituluarekin. Ondoan, Ayotzinapako ikasleak eta gurasoak, urriaren 27an, hildakoen eta desagerrarazien alde. PEP COMPANYS.
Pep Companys
Iguala
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Egin nahi zuten. Egin zezaketen. Egin zuten. Irailaren 26an Igualan (Guerrero estatua, Mexiko) gertatua ez da istripua; indarraren neurrigabeko erabilera ere ez; ezta diziplinari uko egin dioten zenbait poliziaren ekintza ere; eta espekulazioek hala badiote ere, ez da izan Guerreros Unidos kartelak eremuak kontrolatzeko eginiko indar erakustaldia.

Enrique Peña Nieto (PRI) buru duen gobernuak emandako bertsioaren arabera, Igualako Poliziak Ayotzinapako Eskola Normaleko —irakasle eskolak dira— ikasleen aurka jo zuen gau hartan: sei pertsona tiroz hil, 27 zauritu eta 57 bahitu zituzten. Bahituetako hamalau handik egun batzuetara aurkitu zituzten; 43 ikaslek desagertuta segitzen dute; eta, bertsio ofizialaren arabera betiere, poliziek Guerreros Unidos taldearen esku utzi zituzten ikasleok, eta Coculako zabortegi batean akabatu eta erraustu zituzten, Iguala ondoan. Ez dute horren frogarik aurkeztu, ordea, eta irailaren 26ko krimenaren eta desagerrarazien inguruan egindako ikerketak Mexiko osoa astindu du.

Urriaren 23an, Guerreroko gobernadore Angel Aguirrek dimisioa eman zuen, «narko-gobernadore» deitzen zioten herritarren protesta artean. Jose Luis Abarca Igualako alkatea, berriz, hil honen 4an atxilotu zuten, Mexiko Hirian, eta erasoaren egile intelektualtzat jo dute. PRD Iraultza Demokratikoko Alderdia bera ukitu du krimenak: bertako kide ziren Abarca eta Aguirre; alderdia utzi du bertako buru ezagunenak, Cuauhtemoc Cardenasek.

Bien bitartean, 43 ikasleen bila segitu dute senideek. Eta ikasleenak ez ziren gorpuak agertu dira harripeetan ere. Mexikoko eta nazioarteko iritzi publikoa asaldatzeraino. Peña Nietok, egoerari buelta emateko, herrialdeko 32 estatuetan Polizia bakarra ezarri, krimen antolatuari udaletxeetarako sarbidea itxi eta delituaren kontrako borrokaren inguruko eskumenak zehaztea proposatu du. Mexikoko Kongresura joango da bihar proposamen horiek azaltzeko. «Estatua hilotz da, eta makillatu egin nahi dute», erantzun du proposamenaren berri jakitean Javier Silicia poetak, Bakea Justiziarekin eta Duintasunarekin mugimenduko buruak.

'Bizirik nahi ditugu'

Bizirik eraman zituzten; bizirik nahi ditugu lelopean antolatu da Ayotzinapako krimenaren aurkako mugimendua. Hilaren 20an lelo horrekin atera ziren kalera milaka pertsona Mexiko Hirian; Poliziarekin izandako liskarretan 11 pertsona atxilotu zituzten, eta preso daude gaur egun. Igualako alkateak baino zigor handiagoa jaso dezakete.

Ostegunean Mexikoko armada Coahuilako Unibertsitateko Zientzia Politikoen eta Gizarte Zientzien Fakultatean sartu zen, eta gelaz gela ibili zen Igualakoa salatzeko protestetan parte hartu zuten ikasleak eta irakasleak bilatu eta atxilotzeko asmoz. Armadak esan du «akatsa» izan dela. Mexiko Hirian, berriz, herenegun poliziek bortizki atxilotu zuten UNAMeko ikasle bat, Sandino Bucio. Sei ordura aske utzi zuten. Bucioren esanetan, desagerraraziko zutela mehatxu egin zioten, «Ayotzinapakoen moduan».

Igualako 43 ikasleak aspaldi abiatutako izu estrategia baten oinordeko ere badira, izan ere. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan ehunka lagun hil zituen estrategia horrek herrialdean, gerra zikina deiturikoaren garaian. Estrategia hori modernizatu egin zen Felipe Calderonen sei urteko agintaldian, Narkotrafikoaren Kontrako Gerran. Estrategia horrek astindu egin zituen 2006an Oaxaca eta San Salvador Atenco hiriak, herritarren mobilizazioei bortizkeria izugarriz erantzuteko. Orduko errepresioak oraindik zaildu egiten ditu gizarte mugimenduen berrantolaketa eta gizartearen erantzuna.

Guztiak dira erakustaldiak. Adibideak. Frogak. Militarren bortizkeriarena. Poliziaren zigorgabetasunarena. Politikaren ustelkeriarena. Herriaren erresistentziarena. Mexikoko Gobernua bere barne etsaiaren arriskua eta erreakzionatzeko gaitasuna neurtzen ari da, ageriko bortizkeria basatia erabiliz. Jada ez da disidentziaren kontrako errepresioa, herritarren kontrako gerra asimetrikoa baizik. Guztiak bihurtu dituzte arriskutsu, edozer egiten dutela ere.

Erosi, sinistu eta isildu. Horixe egin behar du Mexikoren etsaia izan nahi ez duenak. Ayotzinapako gertakariek argitara atera dute herrialdean hainbat hamarkadatan sustraitutako izurria. Bi hilabete eskasean gobernuak erantzun egin behar izan die denbora luzez inor galdetzera ausartu ez den galderei. Ez da harrigarria gobernuak erantzunik ez izatea.

Eta herrialdearen egoera lazgarriaren barruan, bere ezaugarriengatik aztertzeko modukoa da Guerrero estatua: jauntxokeria endemikoa; ezberdintasun sozialak —Acapulco, luxuzko turismo gune; Cochoapa el Grande, 2008an Mexikoko herri pobreena—; errotutako ustelkeria; bortizkeria basatia eta zigorrik gabea; gerrillarien tradizioa; gobernuaren errepresioa; leku geoestrategikoa drogaren ibilbidean; marihuana eta opio belarra landatzeko klima perfektua; eta mea lur aberatsak. Guerrero harrapakin erakargarria da delinkuentzia mota guztientzat.

Errepresioak indarrean dirau, gainera, Lucio Cabañas Ayotzinapako irakasle eta Pobreen Alderdiaren sortzailearen altxamendutik ia 50 urtera: setio egoerak ezartzen dituzte erresistentzien kontra; indigenak etxetik eta lurretatik botatzen dituzte; eta gizarte mugimenduetako buruzagiak nahierara atxilotzen.

Errepublikako Prokuradoretza Nagusia (PGR) itxurak egiten ari da Ayotzinapako 43 ikasleak bilatzeko lanetan. Ez da berria. Urteotan ikasle mugimendu horretako hainbat gazte ezkutuan atxilotu, torturatu eta epaiketarik gabe hil izan dituzte. Badirudi PRG txantxa errepikatzen ari dela berriro. «Armada eta Polizia ez dira ezer egiten ari, horregatik hartuko ditugu geure neurriak», zioten gaur zortzi Ayotzinapako ikasle batzuek irratiz. Sei egun eman zizkioten Peña Nietori dimisioa aurkezteko. Argi utzi zuten: ez dago justiziarik, ez oraingo ez orduko hildakoentzat. Inoiz ez dituzte auzitan jarri buruzagi militarrak, eta inoiz ez dute bilatu estatuaren artxiboetan. Zuloak baino ez dituzte egin, sarraskietatik bizirik ateratakoek esandako lekuetan. Egunotan Tierra Calienteko muinoetan egiten ari diren modu berean, zentzurik eta estrategiarik gabe. «PGRren bilaketa eroa» deitu dio Marcela Turati kazetari mexikarrak.

«Igualako bizkarguneak hobi klandestinoz beteta daude, eta han gordeta daudenen bila ari dira senideak», zioen ostegunean Tita Radilla Martinezek. 1974an desagerrarazi zioten aita; Mexikon Desagerrarazitako Atxilotuen eta Giza Eskubideen Biktimen Elkarteko kidea da egun, eta Ayotzinapako krimenak Mexikoko egoera «agerian» utzi dutela nabarmendu du.

Mexiko egun osoan zabalik dagoen harategia bihurtu da, hilerri bat. Denek usaintzen zuten zerion kiratsa, baina inork ez zuen ikusi nahi. Lehertu egin da irailaren 26ko gertakarien ondorioz.

Ia berehala korapilatu zen Ayotzinapako gertaera. Ez 43 ikasle desagertu zirelako. Mexikon desagertuak dozenaka milaka dira, eta inor ez litzateke harrituko erakunde kriminalek erositako polizia batzuek gazte batzuk bahitzeagatik. Hala ere, herritarren mobilizazioek Mexikoko Gobernua behartu egin dute konpromisoak hartzera, eta agerian geratu da haren gaitasun falta.

Kasua salatu dute politikan eragin gehien daukaten sindikatuek: Hezkuntzako Langileen Koordinakunde Nazionalak (CNTE), Mexikoko Landa Eremuetako Ikasle Sozialisten Federazioak (FECSUM), Oaxacako Borroka Fronte Batuak (FUL-APPO) eta Mexikoko Argiketarien Sindikatuak (SME). Sindikatu horiek arazo bihurtu dira gobernuarentzat, etengabe auzitan jartzen baitituzte Peña Nietok bultzatutako egiturazko aldaketak. Ayotzinapako Landa Eskola Normalaren aldeko borroka ez da giza eskubideen aldeko borroka bakarrik.

Ikasleen alde jarri dira zenbait talde armatu ere. Alde batetik, legez onartutako herritar armatuen taldeak: Guerreroko Polizia Komunitarioak (CRAC-PC) eta UPOEG. Eta ezin gerrillari taldeak ahaztu: Herri Armada Iraultzailea (EPR), Matxinatutako Herriaren Armada Iraultzailea (ERPI), Herri Miliziak, Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Askapena (FAR-LP) eta Askapen Nazionalerako Armada Zapatista (EZLN).

Ezohiko oihartzuna

Mexikon bakarrik ez. Ayotzinapakoak oihartzun izugarria lortu du nazioartean, azkeneko urteetan herrialdean gertatu diren tragediek ez bezalakoa. Chiapasko Actealgo sarraskia, Guerreroko Aguas Blancaskoa, Tamaulipasen exekutatutako bi etorkinak, eta azkenetakoa, Ttatlayakoa, Mexiko Estatuan, ekainean. Ez zuten lortu Ayotzinapakoaren pareko oihartzunik. Beraz, galdera da: zergatik Ayotzinapakoak bai? Fenomenoa ulertzeko, ia inork aipatzen ez duen xehetasun bat gehitu behar da: Isidro Burgos eskola Guerreroko urrezko gerrikoaren barruan dago, Latinoamerikako meategi aberatsenetik ordubete eskasera. Oraintxe hasi dituzte lehen meategia ustiatzeko azterketak.

Nazioarteko prentsa krimenaren ikuspegi humanitarioan zentratu da batez ere. Ez da nahikoa ikusteko Mexikoko Gobernuak men egin diela meategiaren enpresa interesei; baina 43 normalistak aurkitzeko balio dezake. Bi hilabetetik gora daramatzate etxetik kanpo. Bitartean, Ayotzinapako eskola bete eta hustu egiten da, itsasaldien erritmora, bisitari olatuek astintzen duten hondartza jendegabe baten modura. Ezerezetik agertzen dira Mexiko Hiriko unibertsitate ikasleen saldoak, kazetariak eta argazkilariak. Eta ezerezera joaten dira gero.

Mundu guztian sortzen ari dira normalistak. Lehen ez zuten Guerrero ezagutu ere egiten, baina orain guztiak Ayotzinapa direla aldarrikatzen dute sare sozialetan.

Ikasleak mugitzen ari dira. Haientzat, Aurkitu arte ez da lelo hutsa, konpromiso bat baizik, desagertutako ikaskideekiko konpromisoa. Ayotzinapo-ek ez daukate beldurrik. Ikusgarria da 20 urteko gazteon lasaitasuna eta diziplina sendoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.