Mundua

Giza geneen patenteak?

AEBetan zabaldutako auzi batek atzera hizpidera ekarri du eztabaida, giza geneen sekuentziak patenta daitezkeen ala ez. Myriaden patenteen inguruko erabakiak bioteknologia industrian eragin handia izan dezake. 'Igandea' gehigarriak atzo argitaratu zuen erreportajea da hau.

Irune Lasa.
2013ko apirilaren 21a
17:13
Entzun

Giza geneak patentatzea legezkoa al da? Galdera horri erantzuteko ardura du orain AEBetako Auzitegi Gorenak, Myriad konpainiaren patente batzuen kontra zabaldutako auzian. Eta erabakiaren ondorioak oso garrantzitsuak izan daitezke bioteknologiaren arloan.

Ekainerako espero den epaia iritsi bitartean, hasieran egindako galderaren erantzuna baiezkoa da. Bai, giza geneak patentatu daitezke, bai AEBetan eta bai Europan. Hori bai, baldintza jakin batzuk bete behar dira: patentatzeko modukoak izateko, giza geneen sekuentziek gorputzetik "isolatuta" egon behar dute, edo prozedura tekniko batekin identifikatutakoak eta ekoitzitakoak izan. Hots, aurkikuntza soila ez da nahikoa, isolatzeak edo prozedura batez ekoizteak ematen dio asmakizun maila sekuentzia genetikoari.

Baldintza horrekin gainditzen da giza gorputzeko zatiak patentatzeko debekua. Izan ere, patentatu al daiteke giltzurruna edo gibela? Ez, giza gorputzeko zatiak ezin daitezke patentatu, ezin da horietatik irabazirik lortu; hori argi dago. Baina, kontuan izanda isolatutako zein prozedura tekniko batez ekoitzitako gene sekuentziak gorputzean ditugunen berdin-berdinak direla, gaia polemikoa da oso.

Ondorioz, horren harira, beste baldintza bat ere agertzen da giza geneen patentagarritasunaz erabakitzerakoan. Europako legediaren arabera, ez da nahikoa genea "isolatua" edo prozedura tekniko batez ekoitzia izatea hura patentatzeko modukoa izateko. Gene sekuentzia horren funtzioa ere zehaztu behar da (hots, geneok eta haien aldaerek gaitz bati lotu), eta, ondorioz, aplikazio industriala, adibidez, mutazio baten diagnostikoa, zehaztu egin behar da eskaeran.

Horiek horrela, Europan zein AEBetan giza geneen sekuentzien inguruko milaka patente adjudikatu dira azken urteotan. 2005eko ikerketa baten arabera, giza geneen bostenak jada patentatuta daude. Eta sekuentzia partzialak aintzat hartuta, portzentajea oraindik handiagoa litzateke.

Horrela garatu dira, esaterako, hainbat gaitz hereditarioren diagnostikorako testak, milaka gaixorentzat horren onuragarriak izan direnak. Baina, ezin da ukatu gaia oraindik ere oso polemikoa dela, hainbat arrazoirengatik. Eta AEBetan, zenbait auzitan berriz agertu dira zalantzak eta galderak.

Hala, orain gutxi, Mayo-Prometheus auzian Auzitegi Gorenak erabaki du giza gorputzean dauden molekulak ezin direla patentatu. Gorputzak ekoizten duen eta gernuan atzeman daitekeen molekula bat zuen patentatua Prometheus konpainiak, eta sendagai jakin baten eraginkortasuna neurtzeko erabili nahi zuen hura Mayo klinikak. Gorenaren epaiak patentea kendu egin zion Prometheusi.

Epai horrek eragina izango du AEBetako Auzitegi Gorenean zabalik dagoen Myriad auzian, konpainiaren kontrakoek aurkezten duten argudioetako bat delako. Giza gorputzeko molekulak ezin badira patentatu, isolatuta baina gorputzekoen berdin-berdinak diren sekuentziak ere ezingo lirateke patentatu, eta, ondorioz, bi generen eta haien aldaeren gainean Myriadek dituen patenteak ez lirateke legezkoak.

Ez hori bakarrik, naturan dauden gauzak lirateke gene sekuentziak, ez dago asmakizunik horiek identifikatzean. Geneak patentatzea urre meatze batetik ateratako urrea patentatzea bezala litzatekeela argudiatzen duten Myriad auzitara eraman dutenek. Isolatutako gene sekuentziak naturaren produktua diren ala ez, hori da eztabaida nagusia orain Auzitegi Gorenean, eta hori argi gelditu zen aldeen argudioak eztabaidatzeko astelehen honetan egin zen ahozko saioan.

Myriadi BCRA1 eta BCRA2 geneen gainean dituen patenteak kentzeko auzia duela lau urte aurkeztu zuen xede horrekin osatutako koalizio batek. Horretan biltzen direnen artean, besteak beste, zientzialariak, mediku elkarteak, minbizi gaixoak eta askatasunaren aldeko taldeak daude.

Orain arte, Myriadek hasieran kontrakoa izan zuen epaia helegiteetan birritan irabazi du. Baina auzia orain AEBetako Auzitegi Gorenera heldu da, eta bioteknologia industrian eragin handia izan dezakete han har daitezkeen erabakiek, ez soilik gizakien geneei buruz, baita landare eta animalienei buruz ere. Isolatutako gene sekuentziak giza gorputzaren zatiak al dira? Naturaren produktuak al dira? Patenteok beste ikerketak oztopatzen al dituzte? Monopolio jokaerak kaltegarriak al dira gaixoentzat? Halako galderak erantzun beharko dituzte Goreneko epaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.