Tunisia eta Libiaren arteko muga giza krisiaren atarian dago. Azken hamar egunotan 140.000 lagunek egin dute ihes Libiatik. 75.000 pertsona inguruk Tunisiarantz jo dute; beste 69.000 lagunek, aldiz, Egiptorantz. Han herri eta hirietara bidali dituzte iheslariak, eta 3.000 lagun baino ez daude mugaldean dagokien lekuetara bidaltzeko zain. Tunisian, ordea, kaosa da nagusi.
Ras el Jedir mugako pasalekua birtualki ixtea erabaki zuten atzo Tunisiako agintariek. Ofizialki zabalik jarraitzen badu ere, pasabidea inbutu estu bihurtu dute. Segurtasun indarrak iheslari uholdea kontrolatu nahian ari dira, baina ezin dute lortu. Izan ere, hesiaren bestaldean 6.000 pertsona inguru daude oraindik Libiatik alde egiteko zain.
Gosez, nekatuta eta urduri daude, egunak baitaramatzate iheserako azken pausua emateko zain. Astelehenean, Tunisiako poliziek airera disparatu behar izan zuten etsiak hartuta hesia saltatu nahi zutenak uxatzeko.
Tunisia eta Libia arteko hesiaren alde bietan jada ezin dituzte gutxieneko giza baldintzak bete. Libiako aldean gazte bat hil zen astelehenean beroak jota. Bestalde, Ras el Jediren ere guztientzako ura eta janariak falta direla salatu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. 1.500 karpa jarri dituzte 12.000 iheslari inguruk aterpean lo egin dezaten, baina, hala ere, estalperik gabe jarraituko dute gehienek.
Iheslari gehienak Libian bizi ziren egiptoarrak dira, eta mugako jendetza arintzeko, Batzar Islamikoko Erakundeak premiazko laguntza eskaria egin die herrialde kideei: libiarrak ez diren iheslariak euren herrialdeetara bidaltzeko hegazkinak eta itsasontziak bidaltzea.
Nazioarteko Gurutze Gorria ere mugan dago mediku talde batekin, Libiara sartzen noiz utziko ote dioten zain.
Giza krisiaren atarian
Tunisia eta Libiaren arteko muga 75.000 lagun inguruk gurutzatu dute azken egunotan, eta oraindik milaka dira hesia igarotzeko zain daudenak. Guztientzako adina leku, ur eta janari ez dagoela dio UNHCRek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu