Giza ondoezaren txinpartak

Frantziako bazter auzoetako bizilagunen ondoezak maiz piztu ditu liskarrak. Firminy hirian gertatutako iskanbilek auzo pobreenetako egoera kaskarra aireratu dute berriro.

2009ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Firminy hirian (Loire) baretu da egoera. Giroa, baina, gori-gori da oraindik. Hiru gautan liskarrak izan dira Saint-Etiennetik hamabi kilometrora dagoen hiri horretan. Mohamed Benmouna 21 urteko gaztea bere zeldan hilik aurkitu zuten gauean bertan hasi ziren. Benmouna joan den asteartean, uztailaren 7an, atxilotu zuen Poliziak, lapurreta egotzita.Eta gazteari egindako autopsiek bere buruaz beste egin zuela egiaztatu dute. Atxilotuaren senideek eta lagunek, ordea, Poliziak emandako tratu txarren ondorioz hil zelako susmoa dute.

Bihozkada horrek piztu zuen sua joan den astean; eta txikizio handiak eragin dituzte segurtasun indarren eta protestetara bildutakoen arteko borrokek. Orotara, merkataritza gune bat eta ibilgailu andana kiskali dira, eta hamabost gazte atxilotu dituzte. Hala ere, atxilotuetako bat baino ez da orain preso.

Gertatutakoa argitzeko, bi autopsia egin dizkiote ziegan hilda aurkitutako gazteari. Biek emaitza bera eman dute: Benmounak bere burua urkatu zuen. Horregatik, gaztearen familiak lasaitasunerako deia egin du. Eta badirudi senideen aginduari men egin diotela matxinatutakoek, igandean egindako martxatik ez baita istilurik izan. Giroa, haatik, gori-gori da. Firminy, dena dela, ez da tentsio gune bakarra.

Louviers hirian ere (Eure) istiluak piztu ziren joan den ostiralean. Bide kontrol batetik ihes egin nahian ari zela, 18 urteko gazte bat hil zen orduan. Gertatutakoa salatzeko, liskarrak izan dira asteburu osoan.

Joan den ekainaren 25ean, berriz, Limoges hirian (Haute-Vienne) gertatu ziren liskarrak, motorrarekin zarata handiegia ateratzeagatik gazte bat hil zuen gizonezko bati jarritako zigorra txikiegia zela salatzeko. Amiens hirian ere (Somme) polizia kontrol batetik ihesean zihoan gazte bat hil zen orain dela gutxi, eta horrek giroa gaiztotu zuen.

Paris inguruko Corbeil-Essones hirian, berriz, Poliziaren eta auzo pobreetako gazteen arteko gatazkak eguneroko kontu dira azken hiru hilabeteotan. Eta epaileek hiri horretako alkate Serge Dassaultenhautaketa berriki baliogabetu izanak giroa are gehiago histu du.

Azken urteetan izandako iskanbila horien guztien eragile auzo pobreenetako bizilagunek pairatzen duten ondoeza da. Hirigintza tamalgarria, langabezia tasa handia, aisialdirako egiturara falta, Poliziaren jazarpena... horiek guztiak egunerokotasunaren parte dira Frantziako bazter auzoetan bizi direnentzat. Eta egoera jasagaintz horrek eztanda egiteko aski izaten da txinparta bakar bat; hildako gazte horienkasuak hala izan dira.

Gizarteak bazterrean utzitakoen haserreak eragindako istiluez gain, ordea, bada Frantzian kasik erritu bihurtutako indarkeriarik ere. Gisa horretakoak dira, esaterako, urtezahar gauekoak, edo Frantziako festa nazionalean gertatu ohi direnak. Eta atzokoa ez zen salbuespena izan; urtero gertatu ohi denez, festa nazionalaren harira, dozenaka auto erre zituzten atzo; Poliziaren arabera, 317 ibilgailu geratu dira kiskalita.

Hasi, Vaux-en-Velinen

Frantziako hainbat hiritako auzune pobreetan tarteka pizten dira liskarrak. 1979. urtean, Lyondik hurbil, Vaulx-en-Velin hirian, piztutako iskanbilekin hasi zen guztia, lehen aldiz, hainbat gaztek Poliziari indarrez aurre egin ziotenean. Lehen aldia izan zen, halaber, protesta gisa autoak erre zituztela. Hamaika urte geroagoere istilu larriak izan zituzten hiri horretako bizilagunek.

Liskar gogorrak izan ziren Venissieux hiriko Les Minguettes bazter auzoan, 1981. eta 1983. urteetan. Eta Lyonen, berdin, 1997an, La Duchere auzunean. 1990eko hamarkadan Tolosara (Okzitania) zabaldu ziren gatazkak, Poliziak ustezko lapur bat tiroz hil zuenean.

XXI. mendean, ordea, Paris ingurura hedatu da hiri eta auzo pobreetako ondoeza. Borroka gogorrak izan ziren, besteak beste, La Courneuven 2005eko ekainean; urrian eta azaroan, Clichy-sous-Boisen; eta 2007ko azaroan, Villiers-le-Belen. Gertakari larrienak, hala eta guztiz ere, 2005eko urriaren 26a eta azaroaren 17a bitartean Clichy-sous-Boisen izandakoak dira. Hiria sutan egon zen, Bouna eta Zyed 15 eta 17 urtetako gazteen heriotzak eragindako haserrearen ondorioz; liskarrek 21 egun iraun zuten.

Polizia atzetik zutela, bi gazteak argindar transformadore batean sartu ziren, ezkutatzeko asmoz, eta elektrokutatuta hil ziren. Gertakari haiek dozenaka gazteren sumindura areagotu zuen.

Clichy-sous-Boisen piztutako sua Frantziako beste hainbat hiritara zabaldu zen, eta Nicolas Sarkozyren gobernuak larrialdi egoera jarri behar izan zuen indarrean azaroaren 8an. Hiru astez egon ziren alertan. Ororen buru, 9.071 ibilgailu eta dozenaka eraikin erre zituzten, eta 2.921 lagun atxilotu zituzten; horietatik 600 bat giltzapetu egin zituzten, ehun adingabe inguru barne. Liskar egileei aurre egiteko aitzakian, 11.000 polizia eta jendarme baino gehiago jarri zituzten lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.