irak

Gizateriaren kontrako krimenak egotzi dizkio NBEk Estatu Islamikoari

NBEk herrialdean duen misioak emandako datuen arabera, 2.000 emakume eta haur baino gehiago bahitu ditu Estatu Islamikoak herrialdeko hainbat gunetan. Suleiman Bek hiriaren kontrola berreskuratu dute Irakeko armadak eta Kurdistango pexmergek.

Kurdistango peshmergak, Amerlitik gertu. STR
2014ko irailaren 1a
08:24
Entzun

Estatu Islamikoaren ekintzak —hilketak, bahiketak, torturak eta beste— gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu Nazio Batuen Erakundeak, Giza Eskubideen Batzordeak Irakeko egoera lantzeko egin duen saioan. NBEren datuen arabera, 2.000 emakume eta haur baino gehiago bahitu ditu Estatu Islamikoak herrialdeko hainbat gunetan, baina ohartarazi du zenbateko hori "askoz ere handiagoa" izan daitekeela. Irakeko segurtasun indarrei ere krimenak leporatu dizkie; zibilen aurka egindako bonbardaketak, esaterako.

NBEren misioak jakinarazi du abuztuan gutxienez 1.420 hildako eta 1.370 zauritu izan direla Iraken izandako erasoetan. Bien bitartean, AEBetako segurtasun indarrek Estatu Islamikoaren eremuak bonbardatzen jarraitzen dute. Goizaldean airez eraso die Mosulgo presatik gertuko guneei eta Amerli hiriko hainbat ingururi. Azken horretan, jihadisten tanke bat suntsitu dute.

Amerli hiria setiatuta eduki du Estatu Islamikoak bi hilabetez, eta hori amaitzea lortu zuen atzo Irakeko armadak, Kurdistango pexmergen eta AEBetako segurtasun indarren laguntzarekin. Gaur Suleiman Bek hiria berreskuratu dute.

AEBetako armadak gogorarazi duenez, Barack Obama presidenteak agindu zuen operazioaren baitan kokatzen dute erasoa. Gogoratu du helburua "AEBen egoitzak eta pertsonak eta Irakeko segurtasun indarrak babestea" dela. Abuztuaren 8tik 120 eraso egin dituzte airez AEBek Iraken.

Erasoez gain, laguntza humanitarioa jaurti dute asteburuan AEBek Amerli hirira —elikagaiak, ura eta sendagaiak, gehienbat—. Zeregin horretan parte hartu dute Australia, Frantzia eta Erresuma Batuko hegazkinek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.