PALESTINA

Gizon bat hil eta ehunka lagun zauritu dituzte Zisjordanian

Israelgo segurtasun indarren eta Palestinako herritarren arteko liskarretan ehunka lagun zauritu dira, eta gizon bat hil. Zisjordaniako hainbat lekutan piztu dira protestak.

Palestinako ehunka langile muga igarotzen. AL HASHLAMOUN/EFE
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 28a
14:16
Entzun

Israelgo segurtasun indarren eta Zisjordaniako herritarren arteko liskarrek lagun bat hil zuten atzo, eta beste ehunka zauritu. Wafa berri agentziaren arabera, tiro batez hil zuten 41 urteko gizona, Beita hirian, Nablus hegoaldean. Xadi Omar Lofti Salimek uraren ingeniaritzan egiten zuen lan, eta joan den martxoan Israelek Beita okupatu zuenetik hil duten zazpigarren palestinarra da.

Israelgo armadak babestu egin du tiroa jaurti zuen soldaduaren ekintza, eta esan biktimak «burdinazko barra baten itxurako objektu bat» zeramala eskuetan. Antza, «abiadura handian» hurbildu zen Israelgo segurtasun indarrak zeuden eremura, eta gelditzeko aginduei kasu ez egiteagatik egin zion tiro soldaduak; «bere burua defendatzeko». Musa Hamayel Beitako alkateordeak, ordea, ez du Israelgo Poliziaren bertsioa mantendu. AFP berri agentziari esandakoaren arabera, biktima lanetik itzultzen ari zen, eta Israelgo soldaduak tiro egin zion.

Asteartean Zisjordaniako hainbat herritan zabaldu ziren liskarrak, eta anabasak toki askotan utzi zituen zaurituak. Wafa berri agentziaren arabera, Israelgo Poliziak Palestinako sei herritar atxilotu zituen. Zisjordaniako Tubas herrian, berriz, 158 palestinar zauritu zituzten negar gasarekin eta balekin: besteak beste, Younis Al Asi gobernadorea eta Walid Asaf Israelgo kokaguneez arduratzen den ministroa zauritu zituzten. Halaber, 49 zibil zauritu zituzten Nablus herrian.

Urduritasuna eta haserrea nagusi izan dira Beitan zenbait hilabetez, duela ia bost hilabete Israelgo dozenaka familia herriko Sabih mendian kokatu baitziren, nazioarteko legeari desafio eginez. Lurren desjabetzeak hamazazpi familia palestinarren bizitokiak mehatxatu zituen, gutxienez, eta ordutik gora egin dute okupazioaren aurkako protestek. Hala adierazi zuen Beitako alkateak, joan den ostegunean: «Borrokek eta protestek iraungo dute, Israelen batek gure lurretan irauten duen bitartean».

Gerra krimenen salaketa

Zisjordanian piztutako liskarrak ez ziren izan, ordea, lurraldean ezinegona sortu zuten albiste bakarra. Hain zuzen, HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak Gazako zerrendan maiatzean izandako borroketan gerra krimenak egin izana leporatu zien atzo Israeli eta talde armatu palestinarrei.

Joan den maiatzean hamaika egunez izan ziren konbateetan 260 palestinar hil zituzten. Nazio Batuen arabera, horietatik 130 inguru zibilak ziren, eta 67 haurrak. Gainera, 2.000 palestinar inguru —horietatik 600 inguru adingabeak— zauritu zituzten, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gobernuz kanpoko erakundeak ondorioztatu du eraso horietan ez zegoela «helburu militar zehatzik».

Palestinako talde armatuei ere leporatu die gerra krimenak egin izana, besteak beste, Israelgo hirietako erdiguneetara 4.000 suziri inguru jaurtitzeagatik. Esan dute horrelako erasoek «zibilen aurkako eraso bidegabeen aurkako debekua» urratzen dutela. Eraso horietan, hamabi zibil hil ziren Israelen, horietatik bi haurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.