Goutte d'Or auzoko polizia etxearen aurrean izan da tiroketa, prefeturak baieztatu duenez. Gizonezko bat komisariara sartzen saiatu da, Frantziako Barne Ministerioaren arabera, "Ala handia da" oihuka. Poliziak tiro egin dio, eta hil egin du.
Iturri horien arabera, labana bat zeraman gizonezkoak, eta, baita lehergailuak ere, gerrian lotuta. Nolanahi ere, Poliziako teknikariak hilotzari gerturatu zaizkionean lehergailuak faltsuak zirela ohartu dira.
Polizia etxearen inguruak itxi egin dituzte, eta gertuko bizilagunei etxean egoteko aholkua eman diete, leiho eta balkoietatik urrunduta. Inguruko bi eskola konfinatu egin dituzte, gainera. "Mehatxu terrorista oraindik handia dela erakusten du honek", esan dio Barne Ministerioko bozeramaile batek France Info irratiari.