erasoa parisen

Gizon batek ama eta arreba hil ditu Paris inguruan, labanaz

Erasotzaileak beste emakume bat ere larri zauritu du, eta Frantziako Gobernuak jakinarazi du buruko gaitz bat zuela gizonak. Poliziak hil du gizona.

2018ko abuztuaren 23a
14:31
Entzun

Gaur goizean, 09:00etan, 36 urteko gizon batek ama eta arreba hil ditu Paris inguruan, handik 30 kilometrora dagoen Trappes herrian. Gizonak hiru emakumeri eraso egin die labanaz. Horietako bat ama zuen, eta beste bat, arreba; biak hil ditu. Beste emakumea, berriz, larri zaurituta dago, baina ez du inolako zerikusirik erasotzailearekin; erasoa gertatu denean handik pasatzen ari zen emakume bat da.

Lehen datuen arabera, gizonak "Ala handia da" oihukatu du, eraso egin dien bitartean. Estatu Islamikoak esan du erakunde horretako kide bat zela erasotzailea. Frantziako Gobernuak, ordea, jakinarazi du gizonak buruko gaitz bat zuela, eta ekintza islamista baten hipotesia baztertua du oraingoz.

Edozein kasutan, ikerketa aurreratu arte itxaron beharko da gertatutakoa argitzeko, segurtasun indarrek erasotzailea hil baitute. Albiste agentzien arabera, erasoa burutu ostean, gotortu egin da erasotzailea, eta hantxe hil dute, beste xehetasunik eman gabe.

Estatu Islamikoak esan badu ere erasotzailea islamista bat zela, ez du haren inguruko daturik eman. France 3 kateak esan du Poliziak fitxatutako pertsona bat zela erasotzailea, eta lehenago terrorismoaren apologiagatik zigortutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.