Bulgariako Parlamenturako hauteskunde emaitzek egoera zailean utzi dute herrialdearen gobernagarritasuna. Botoen %70 zenbatuta, GERB Bulgaria Europan Garatzearen Aldeko Herritarren Alderdiak irabazi ditu bozak. Bulgariako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, botoen %31,4 eskuratu ditu Boiko Borisov lehen ministro ohia buru duen alderdiak.
BSP Bulgariako Alderdi Sozialista, ordea, gertu geratu zaio GERBi. Botoen %27,3 lortu dituzte sozialistek. DPS Eskubideen eta Askatasunen Aldeko Mugimenduak, gutxiengo turkiarraren alderdiak, bozen %9,2 erdietsi ditu, eta Ataka muturreko eskuineko alderdiak, berriz, bozen %7,6.
Gutxiengoan bada ere, gobernatzeko asmoa adierazi du GERBek. Tsvetan Tsvetanov Bulgariako Barne ministro ohiak esan duenez, GERB "nazioaren arduradun" izango da: "Gai gara gobernu bat proposatu eta osatzeko. Gutxiengoan izan liteke". GERBek osatutako gobernuak dimisioa eman zuen otsailean, herritarren protesta artean.
Aukera horren aurka azaldu da, ordea, BSPko buru Sergei Stanishev. Azaldu du GERB ez dela gobernua osatzeko gai izango, eta DPSrekin eta Atakarekin negoziatzeko prest azaldu da. Volen Siderov Atakako buruak, ordea, uko egin dio edozein alderdirekin koalizio gobernu bat osatzeari. "Ez dut funtzionatuko duen gobernu bat osatzeko aukerarik ikusten", esan du.
Protestak Sofian
Lehen emaitzak ezagutaraztearekin batera, protestak izan ziren atzo Sofian. Hainbat herritarrek ez dituzte zilegitzat jo hauteskundeak, GERBeko zinegotzi baten biltegian 350.000 boto atzeman baitzituzten larunbatean.
300 pertsona inguru saiatu ziren Sofiako Kultur Jauregira sartzen, alderdiak han baitziren egitekoak emaitzen inguruko balorazioak. Poliziak babestu zuen ingurua, jendea sar ez zedin.