Giacomo Fiaschi. Ennahdako hauteskunde kanpainaren arduraduna

«Gobernu berria ez da inolaz ere kolore bakarrekoa izango»

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Tunis
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Giacomo Fiaschi (Prato, Italia, 1950) enpresari gisa joan zen Tunisiara, duela 20 urte. Diktadurak Ennahdako kideen kontra erabili zuen errepresioa ikusi, eta alderdian sartzea erabaki zuen, legezkotzat jo ondotik. Katolikoa izanda ere, ez du kontraesanik ikusten inspirazio islamista duen alderdi bateko kide izateko.

Ennahda izan da hauteskundeetako irabazlea. Zeintzuk izango dira gobernu berriaren lehentasunak?

Batasuna lortzea izango da gakoa. Alderatze ideologikoek ezin dute tokirik izan Tunisia berria eraikitzerakoan. Bestetik, bi larrialdi modura definitu ditugun arazoetan jarriko dugu arreta.Lehena, segurtasuna berreskuratzea da. Herritarrei erakutsi behar diegu ekintzak era askean egin ditzaketela. Bigarrena, berriz, lanik gabe dagoen gazte kopuru izugarriari irtenbidea ematea. Ezin dugu ahaztu Tunisiako herritarren %70 35 urtetik beherakoak direla.

Bakarrik gobernatzeko indartsu sentitzen al zarete?

Gobernu berria ez da inolaz ere kolore bakarrekoa izango. Ennahdak ez du gehiengo osoa lortu, baina, hala izan balitz ere, ez luke egitura monolitikorik bultzatuko. Hauteskundeetara aurkeztu ginenetik azaldu genuen koalizio bat eratzeko asmoa genuela. Eta saiatu gara ate guztiak zabalik izaten, ideologiaren araberako desberdintasunik egin gabe, demokraziaren bidea hasteko.

Zer deritzozu Ennahdaren garaipenaren ostean Tunisiako sektore laikoen eta Europako zenbait iritzi publikoren artean piztu den alarma gorriari?

Beldurra da edozein egoera ezezagunetan sortzen den sentimendua. Beraz, ulergarria da inspirazio islamista duen alderdi baten inguruan beldurra izatea. Nik ere hasieran izan nituen aurreiritzi horiek.

Ez dut ulertzen, ordea, zenbait sektoretan piztu den alarma. Ari dira esaten Ennahda boterera iritsiz gero turismoa mozten saiatuko dela eta atzerriko inbertsioak moztuko dituztela. Ez dut jarrera hori ulertzen, eta ez zait arduratsua iruditzen. Ennahdako liderrek hasieratik erakutsi dute izaera moderatua eta zabala. Beraz, hori jakinda ere susmoak zabaltzen jarraitzeak ez du zentzurik. Zergatik dabiltza gu epaitzen, oraindik gobernatzen hasi ez bagara? Eman diezagutela konfiantzazko botoa, eta ongi erantzuten ez badugu, protesta dezatela.

Orduan,zer da Ennahda?

Errealitate partikular bat, ezin dena sartu Europan nagusi den ezker-eskuin kategorian. Askotan, herrialde arabiarretako errealitateak Mendebaldearen ikuskeraren arabera ikertzeko joera dugu, eta horrek nahasmena besterik ez du eragiten. Banaketa hori sakonki gainditu duguhemen. Tunisiako egungo testuinguruak eskatzen digu iraganarekikoak egitea, hau da, kolonizazioaren eta ondorengo diktaduraren garaia gainditzea. Inor gutxik ezagutzen du Tunisiako errealitatea Ennahdak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.