Eslovakia independentearen lehendabiziko gobernuburua izan zen Valdimir Meciar eta herrialde honetako Parlamentuko presidente ohi Ivan Gasparovicen artean aukeratu beharko dute eslovakiarrek euren lehendakaria izendatzeko, datorren apirilaren 17an. Faboritotzat emana zen Esuard Kukan orain arteko Atzerri ministroa, ostera, hirugarren postuan geratu zen, joan den larunbatean egin zen presidentetzako hauteskundeen lehen txandan.
LS-HZDS Aderdi Popularra- Eslovakia Demokratiko baten aldeko Mugimenduaren izenean lehiatzen zen Meciar lehena irten zen, botoen %32,74 lortuta eta HZD Demokraziaren aldeko Mugimenduaren hautagai zegoen Gasparovicek, berriz, bozen %22,28 bereganatu zituen. Honek doi-doi aurrea hartu zion Kukani, Atzerri ministroak botoen %22,1 eskuratu baitzuen. Hau,SDKU Alderdi Kristaudemokrataren kandidatua zen.
Nazioartearen «atsekabea»
Inkesta guztiek faboritotzat ematen zuten Kukanen galera eragin duena da, antza, presidentetzako hauteskunde hauetan izandako parte hartze eskasak. Ezen hautesleetatik erdiak baino gutxiago %47,94 joan ziren euren botoaren ematerat. Vladimir Meciarrek lortutako arrakasta komentzatzean, Miroslav Kusy politikaz adituak iritzi zioenez, «presidentetzako boz hauen lehen txandako emaitzek atsekabean utziko dute nazioarteko komunitatea». Eslovakiako lehen ministro izan zen garaian, Europako Batasunak eta NATO Aliantza Atlantikoak begi txarrez ikusten zuten Meciar, zuzenbide estatu baten arauak errespetatzen ez zituelakotz. Kontua da, haatik, datorren apirilaren 17an, Eslovakiako presidente aukeratua geratzen bada, herrialde hau Europako Batasuneansartzea eta NATOko kide bilakatzearekin batera gertatuko dela hau.
Joan den aste amaieran ere, Mikulas Dzurinda lehen ministroaren oposizioko indarrek eginaraztea lortu zuten erreferedumean, hautesleen %35,86 izan ziren botoa ematen. Hori ez da nahikoa izango legebiltzarrerako hauteskundeak aurrez egitea gobernuaren behartzeko.
ESLOVAKIA. HAUTESKUNDEAK
Gobernu eta Parlamentuko buru ohiak, presidente izateko lehian
Meciarrek eta Gasparovicek dute boto gehien lortu lehen txandan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu