AMNESTY INTERNATIONALEN TXOSTENA
Gobernu gehienek giza eskubideei «traizio» egin dietela esan du AIk
Batez ere AEBak kritikatu ditu nazioarteko erakundeak, gainerako estatuei «jarraibide txarra» eman dielako
«Giza eskubideen aurkako agenda arriskutsua segitzen dute gobernuek». Hitz horiekin ohartarazi zuen AI Amnesty International erakundeak munduan giza eskubideek eta herritarrek, jakina pairatzen duten egoera okertzeko aukera handia dela. Gainera, egungo potentziarik handiena, Ameriketako Estatu Batuak, seinalatu zuen munduko hainbat gobernuk jarraitzen duten ekinbidearen erreferentzia eta gidaritzat. Washingtonek 2001ean abiatu zuen «terrorismoaren kontrako gerrak» politikak markatzen segitu du 2004an, AIk bere urteroko txostenean ezagutarazi duenez. AIk salatu duenez, giza eskubideekiko hartutako konpromisoak eta eginiko promesei «traizio» egin diete munduko gobernu gehienek. 300 orriz osatutako txostenean atzo argitaratua argi eta garbi nabarmendu du «atxilotuak torturatzeko jarrerarekin» giza eskubideei kalte egin dietela AEBek, beren menpeko base eta lurraldeetan ez ezik, baita munduko beste eskualde eta herri askotan ere: «Horrek baimena bermatu die beste batzuei gehiegikeriak inpunitatez burutzeko». Erakundeko idazkari nagusi Irene Khanek azaldu zuenez, iazko martxoaren 11n Madrilen izandako sarraskiak zein irailaren hasieran Beslango (Ipar Osetia) eskola batean izandako bahiketa bukatzeko operazioak erakusten dute AEBek eta hauen aliatuek «terrorismoaren aurkako estrategia antzuak» garatzen dituztela. Hartara, «AEBen eredu txarra» kritikatu zuen AIko buruak. Londresen eginiko aurkezpena abiatzeko irakiar baten telebista bidezko testigantza zabaldu zuten. Irakiarrak esan zuen «Saddam Husseinen erregimenaren menpe bizi ondoren oraingo egoera okerragoa dela» ziurta dezakeela. «Zer autoritate moral gera dakieke AEBei Guantanamoko eta Abu Graibeko eskandaluen ondotik?», galdetu zuen Khanek, eta AEBetako Auzitegi Gorenak atxilotuek beren kasuak berriz aztertzeko eskubidea zutela ebatzi eta «urte betera» halakorik gertatu ez dela kritikatu. Halaber, Europako Batasunaren «hizkuntza bikoitza» izan zuen kritiken jomuga. «Batetik Iran, Egipto eta Txina bezalako estatuekin bide diplomatikoa erabiltzen du eta, bestetik, isilik geratzen da Guantanamo zein Abu Graibeko egoeren aurrean».Kontinentez kontinenteko egoera modu zehatzagoan errepasatu zuen gero AIko idazkari nagusiak.g afrika: «Gobernuek, oro har, giza eskubideak babesteko eginiko promesa ez dute bete». Amnesty Internationalen iritziz, Aljeria, Libia eta Tunisian «kezkagarria» da torturaren iraupena. Sudanen, Darfurko gatazkan milaka pertsona hil, bortxatu eta kanporatu dituzte. Kongoko Errepublika Demokratikoa, Somalia eta Ugandan, besteak beste, Gobernuaren indarrek eta oposiziokoek heriotza ugari eragin dituzte. Heriotza zigorrari dagokionez, «Senegalen formalki abolitu dute heriotza zigorra, baina hiltzera zigortutako presoak zeuden Burundi, Ekuatore Ginea, Kenia eta Mauritanian, baita Sudanen ere».Hainbat herrialdetan emakumeek bortxaketak pairatzen jarraitu dute. Leku askotan, hala nola Swazilandia, Kamerun, Mauritania eta Zimbawen, zapalketa politikoa eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoak jasan dituzte.g AmerikA: AEBek tortura erabiltzen dute atxilotuen kontra, beren menpeko base eta lurraldeetan; «horrek baimena eman die beste estatu batzuei, gehiegikeriak inpunitatez burutzeko». Ekuadorren indigenek eta komunitate buruek mehatxuak eta erasoak jasan dituzte. Txilen giza eskubideen babesean aitzina egin arren, torturak irauten du, baita Uruguai, Bolivia eta Argentinan ere. Kuban kontzientzia presoak daude eta AEBek ezarritako bahimenduaren ondorioak jasaten dituzte herritarrek. «Brasil, Guatemala, Honduras, Mexiko eta Paraguain gobernuek segurtasun indarrak erabili dituzte kaleko protesten eta gaizkileen kontra ekiteko».Kolonbian paramilitarrek eta gerrillariek jendea hiltzen segitzen dute. g Asia-ozeaniA: «Abenduko tsunami-aren hondamendiari ehunka mila desplazatuen drama erantsi behar zaio». Bestalde, gatazkaren aldeak konponbidea bilatzen ari ziren lekuetan giza eskubideak sarritan urratu dituzte: India, Pakistan, Filipinak edota Sri Lankan. «Nepalen gero eta sakonagoa da segurtasun krisia zein politikoa». Txina, Singapur eta Vietnam dira heriotza zigorra gehien ezarri duten estatuak. «Terrorearen kontrako gerran», Afganistanen bereziki urratu dituzte giza eskubideak. Bestalde, Txina, Ipar Korea, Laos eta Birmanian oposizioak zapaldua egoten segitzen du. g ekialde hurbila: «AEBek giza eskubideen urratze larriak egin dituzte Iraken. Talde armatuek ere gehiegikeriak egin dituzte». Palestinako gatazkari dagokionean, aldiz, Israelgo Armadak «gero eta palestinar kopuru handiagoa» hil du, baina talde armatu palestinarrek hainbat zibil israeldar hil dituzte. Tel Avivek banaketa hesia eraikitzen segitu du Zisjordanian, Nazioarteko Justizia Auzitegiak hori legez kanpokotzat jo arren. Saudi Arabia eta Yemenen «terrorismoaz» akusatutakoen kontrako «epaiketa bidegabeak» egin dituzte.g europa eta asia erdiA: «Terrorismoaren kontrako gerrak» giza eskubideak kaltetu ditu Europan eta Asia Erdian. «Espainian tortura eta arrazakeria izan dira 2004ko martxoaren 11ko erasoetatik». Frantzian eta Korsikan musulmanen kontrako erasoak izan dira eta Belgika, Ukraina eta Frantzian juduen aurkakoak. Europako Batasunak ez du borondate politikorik erakutsi funtsezko eskubideen urraketei aurre egiteko. «Disidentzia zibil, politikoa eta erlijiosoa sistematikoki zapaldu dute Bielorrusia, Turkmenistan eta Uzbekistanen». Italiak eta Greziak, besteak beste, hainbat asilo eskatzaile kanporatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu