Gobernu koalizio zabala eratu dute Israelen

Likud eta Kadima alderdiek akordioa itxita, 120 diputatutik 94k babesten dute aginte berria, historiako sostengu zabalenaErabakia ezustean etorri da; horren ondorioz, aitzinatutako bozak ez dituzte eginen

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu lehen ministroaren maniobra politikoak ustekabean harrapatu ditu Israelgo herritarrak, gobernu berria eratu baitu herrialdearen historiako koalizio handiena osatuz. Netanyahuren Likud alderdiak Kadima oposizioko indar nagusiarekin itxi du azken akordioa, eta, horren arabera, Knesseteko —parlamentuko— 120 diputatutatik 94ren sostengua izanen du gobernu berriak, eskuineko, eskuin muturreko eta alderdi ultraortodoxoetako alderdietakoak nagusiki. Alderdi Laborista da gobernutik kanpo utzi duten indar nagusia, eta, de facto, oposizioko lehen ahotsa bihurtu da Kadimaren tokia hartuz. Hurrengo irailera aitzinatutako hauteskundeak, beraz, bertan behera gelditu dira, eta koalizio gobernuak heldu den urte amaierara arte agindu ahalko du.

Astelehen arratsean itxi zuten akordioa Israelgo bi alderdi nagusiek, eta atzo goizean egin zuten publiko Netanyahuk eta Kadimako buruzagi Shaul Mofazek. Netanyahuk erabakia justifikatu du Israelek «egonkortasuna» behar duela erranez. Koalizioak lau helburu izanen dituela erran du: «Tal Law legea ordezkatuko duen bidezko araua onartzea, ardurazko aurrekontuak egitea, agintzeko sistema aldatzea, eta bake prozesu arduratsu bat sustatzea». Tal Law legeak ikasle ultraortodoxoei soldaduska egiteko epea gibelatzea ahalbidetzen die; hamar urtez egon da indarrean, baina Justiziak amaitutzat jo du. Gizarteko sektore erlijiosoenek legea defendatzen dute, baina sekularrek berdintasunaren aurkakoa dela diote. Eztabaida handia sortu du Israelen.

Likudek 66 diputaturen babesa zuen orain arte gobernuan. Kadimaren sostengua erabakigarria da, hura baita parlamentuko indar nagusia 28 jarlekurekin —Likudek baino bat gehiago—. Mofazek, ordea, kritikak berehala jaso ditu, Kadimako primarioetarako kanpainan hitzeman baitzuen irabaziz gero oposizioan segituko zuela. «Gobernu honek Israelen gaizki dagoen guztia ordezkatzen du. Zertarako harekin elkartu?», adierazi zion joan den hilean Haaretz-i. Jarrera aldaketa justifikatu zuen atzo, erranez egoera «aldatu» dela. Israelgo hedabideen arabera, Netanyahuk Mofazi eskaini dio lehen ministrorde, segurtasun kabineteko kide eta ministeriorik gabeko ministro izatea.

«Koldarren arteko akordioa»

Tzipi Livni alderdiko buruzagi ohiak Kadimaren erabakia kritikatu du —primarioetan Mofazek Livni garaitu zuen—. «Oroitu politika egiteko bertze era bat dagoela, eta irabazi eginen duela», idatzi du bere Facebookeko kontuan. Alderdi Laboristak izan ditu solas gogorrenak. Mofazi egotzi dio gobernuan sartzea irailerako hauteskundeetarako aurreikuspen txarrak zituelako —azken inkestek15-17 jarlekuren galera emana zioten—. «Koldarren arteko akordioa izan da», adierazi du Alderdi Laboristako buru Shelly Yacimovichek. «Aurrekontu garratza, kapitalista eta gogorra eginen dute, eta Israelgo bereizketa sozioekonomikoa handituko dute». Soilik zortzi diputaturekin izanen dira laboristak oposizioko indar nagusia. Gainerako alderdi handienek Likuden alboan segituko dute: Yisrael Beiteinu —eskuin muturra, hamabortz diputatu—, Shas —ultraortodoxoa, 11 diputatu—, eta Atzmaut, Ehud Barak Defentsa ministroaren alderdia —bortz diputatu, Alderdi Laboristatik bereizi zen iaz—.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko bozeramaile Ghasan al-Khatibek erran du gatazkari begira ez duela garrantzirik gobernu aldaketak. «Ez ditugu serio hartuko Netanyahuren eta Mofazen adierazpenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.