FRANTZIA

Gobernua aldatu du Sarkozyk, eta Alliot-Marie Atzerri ministro izendatu du

Francois Fillonek lehen ministro karguan jarraituko du, eta bere ondoan Alain Juppe izango du, Chiracen garaian lehen ministro izandakoa.

2010eko azaroaren 15a
18:10
Entzun
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Gobernua aldatzea erabaki du. Presidentetzarako hauteskundetarako bi urte baino gutxiago falta direnean, Francois Fillonek lehen ministro karguan jarraituko du. Inkesten arabera, erretreten erreformaren krisiak ez du batere kaltetu, eta agintaldia amaitu arte jarraituko du karguan. Michel Alliot-Marie miarriztarrak Justizia Ministerioa utzi eta Atzerri Ministerioaren ardura izango du aurrerantzean, Bernanrd Kouchnerren lekukoa hartuz.

Jacques Chirac presidente ohiarekin lehen ministro izandakoa, Alain Juppe Gobernura itzuliko da eta Fillonen ondoren arduradun nagusia izango da. Sozialisten eta zentroko alderdien arabera UMP alderdia sendotu du gobernu aldaketarekin Sarkozyk, aurretik zentroko zenbait kiderekin eta sozialista ohi batekin egindako esperimentuak alboratuz. Jean Louis Borloo Gobernutik atera da, baita Eric Woerth Enplegu ministroa ere, Parlamentuan erretretaren erreformaren babesa egin ondoren.

Guztira 31 kide izango ditu Gobernuak, lehen baino zazpi gutxiago. Aldaketen artean aipagarrietako bat da Immigrazio ministerioari Nortasun nazionala-ren konpetentzia kendu zaiola. Sarkozyren erabakiarekin azken bost hilabeteko zurrumurruekin bukatu du presidenteak, hain zuzen, uztailean Gobernua aldatuko zuela iragarri zuenetik. Aste honetan 2012ko hauteskundeetara arte zer politika egingo duen jakinaraziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.