Juri Jekhanuroven gobernuari konfiantza kendu zion asteartean Ukrainako Legebiltzarrak. Arbuio bozketa horrekin, Rada-ko diputatuek salatu dute Ukraina eta Errusia artean, gasaren auziari konponbide bat emateko, joan den astean hitzartutako akordioa. Oposizioko indarrek eta Julia Timoshenko lehen ministro izandakoaren jarraitzaileek bat eginda gertatu zen boto egite horren ondorioa.
Kieven eta Moskuren arteko gasaren auziari konponbidea ematearren hitzartutako ituna «onartezina» da Timoshenkoren iritziz. Akordio berriaren arabera, Errusiako Gazprom enpresak Suediako Rosukrenergo sozietateari mila metro kuboko 230 dolarretan salduko dio gasa. Ukrainako Naftogaz enpresak Rosukrenergori, berriz, 95 dolarretan erosiko dio. Ukrainak 50 dolar ordaintzen zituen orain arte mila metro kuboko.
Ukrainak martxan jarri du Legebiltzarrari –presidentea alde batera utzirik–Gobernua aukeratu eta kargugabetzeko boterea ematen dion konstituzio erreforma. Hala ere, pixkanaka hasi dira aldaketa horiek abian jartzen, martxoaren 26rako aurreikusita dauden hauteskundeen zain.
Ukraina
Gobernua baliogabetzeko erabakia atzera botatzeko eskatu dio Justxenkok Legebiltzarrari
Viktor Justxenko Ukrainako presidenteak Gobernua baliogabetzeko joan den asteartean hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu dio gaur Legebiltzarrari. Hauteskundeetarako bi hilabete falta diren unean krisi berria eragin du Legebiltzarraren erabakiak. Julia Timoshenko lehen ministro ohiak astelehenean iragarri zuen Gobernuaren aurkako mozio bat aurkeztuko zuela, Ukrainak eta Errusiak hil honen 4an hitzartu zuten gasaren prezioari buruzko akordioa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu