Blokeo politikoari amaiera emateko eta gobernua berreskuratzeko akordioa lortu dute Ipar Irlandan Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) eta Sinn Feinek. Ia bederatzi hilabeteko negoziazioen ondoren, bi alderdiek ituna izenpetu dute. Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek proposatutako akordio zirriborroarekin ados agertu dira.
Julian Smith Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroa eta Simon Coveney Irlandako Errepublikako lehen ministrorde eta Atzerri ministroa alderdi errepublikanoekin eta unionistekin batzartu dira egunotan, eta atzo gauean gobernua berreskuratzeko akordioaren zirriborro bat kaleratu zuten. Dokumentu hori Ipar Irlandan gobernua berreskuratzeko oinarria bihurtu da. DUPek bart eman dio balekoa, eta Sinn Feinek gaur arratsaldean onartu du.
Mary McDonald Sinn Feineko presidenteak ituna onartu eta berehala ohartarazi du, bere ustez, zein izango den gobernuaren erronka nagusia: «egiazko botere banaketa» lortzea. «Guztion aurrerapausoak» beharrezkoak izango direla gaineratu du, «gobernu inklusiboa» eratze aldera. Argitu duenez, oraindik ez dute datarik zehaztu gobernua biltzeko, baina Sinn Feineko buruak «ahalik eta lasterren» biltzea nahi du.
Fosterrek goraipatu du akordioak «identitate irlandarra» eta «britainiarra» duten herritarrak aitortzen dituela, eta ezin direla batzuk besteen gainetik jarri. DUPeko buruzagiak espero du Erresuma Batuko Gobernuak «eskuzabal» jokatzea, eta ituna finantzatzeko nahikoa diru bideratzea.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ere baikor mintzatu da, Twitterren. Adierazi duenez, akordioa «urrats garrantzitsua» da Ipar Irlandako herritarrek «konfiantza berreskuratzeko» gobernuarengan eta zerbitzu publikoetan «beharrezko erreformak» egiteko.
Hiru urte dira DUPen eta Sinn Feinen arteko gobernu koalizioa hautsi zela, 2017ko urtarrilean Martin McGuinnessek dimisioa eman zuenean. Garai hartan, gobernua osatzen zuten bi alderdien arteko harremana gaiztotuta zegoen aspaldidanik, eta energia berriztagarriei buruzko eskandalu batek —zeinak zuzenean nahasten zuen Foster garai hartako lehen ministroa— eragin zuen eztanda; horren harira utzi zuen gobernua McGuinnessek. Sinn Feinek ez zuen haren ordezkorik aukeratu, eta, negoziazioek porrot eginda, hauteskundeetara deitu zuten.
Boz horretatik atera zen paisaia politikoak, ordea, ez zuen egoera hobetu, eta harrezkeroztik gobernurik gabe izan dira Ipar Irlandan. 2018ko otsailean akordio batera iristear izan ziren, baina DUPek ezezkoa eman zuen azken unean, gaelikoari buruzko desadostasunengatik; une hartan, alderdiaren buruzagia ez zen unionismoaren sektore guztiak konbentzitzeko gai izan.
Londresek eta Dublinek atzo proposaturiko zirriborroaren arabera, gaelikoak estatus ofiziala izango luke, errepublikanoek nahi zuten bezala, eta, unionisten baiezkoa lortze aldera, eskozieraren «onarpen ofiziala» sustatzea proposatu dute. DUPen buruzagiak atzo adierazi zuen ituna ez dela «perfektua», baina «oinarri bat» dela Ipar Irlandako Legebiltzarrean hiru urtean lehenengoz saio bat egiteko. Alderdiaren buruzagitza gaur batzartuko da.
Tonight the Secretary of State for Northern Ireland and Tánaiste have published the text of a deal to restore devolved government, exactly three years after the Assembly collapsed. #NewDealNewApproach Read the deal here https://t.co/NuRpOFBeJQpic.twitter.com/kJH03znWjc
— Northern Ireland Office (@NIOgov) January 9, 2020
Conradh na Gaeilge gaelikoaren aldeko elkarteko Ciaran Mac Giolla Bheinerentzat, zirriborroan proposaturikoa «aurrerapauso historiko bat» da errepublikanoentzat, baina ohartarazi zuen zalantzak dituztela hainbat auziren inguruan; besteak beste, beto eskubideari dagokionez: «Deabrua ez dago soilik xehetasunetan: legea betetzearen inguruan ere bai».
Erizainen eskariak betetzeko neurriak ere jaso dituzte akordio horretan, batez ere soldatekin eta lantaldeekin zerikusia dutenak; horretarako, Londresek diru gehiago bidaliko luke Belfastera. Hori bai, Smithek atzo gauean ohartarazi zuen neurri horiek indarrean sartzeko alderdiek baiezkoa eman behar diotela proposaturiko akordioari: «[Itunak] Berehala amaitzen du osasun arloko greba; arreta jartzen du osasun eta zaintza arloko erreformetan; segurtatzen du erakunde egonkorrak, neurri hobeak eta gardentasun handiagoa izango direla, eta artean, hizkuntzaren arloan eta literaturan esparru hitzarmen berri bat osatzen du».
Collum Eastwood SDLPren buruzagiak —erdian— egunotako elkarrizketetan parte hartu du. Will Oliver / EFE
DUPek akordio proposamenarekin ados dagoela jakinarazi ostean, erreakzio baikorrak izan dira gainontzeko alderdien artean, baina guztiak ez dira izan akordioaren aldekoak. Ulsterko Alderdi Unionistaren (UUP) jarrera, esaterako, ez dago argi; alderdi horren ordezkaritza bat Smithekin batzartu zen atzo, eta oraindik ez du jendaurreko adierazpenik egin. Gainera, Aliantza Alderdiko Kellie Armstrong diputatuak gaur BBC kateari egindako adierazpen batzuetan jakinarazi du zalantza handiak dituztela; esan duenez, neurriak ez dira behar bezain sakonak.
Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren (SDLP) buruzagi Colum Eastwoodek jakinarazi du gaur goizean batzartu direla Smithekin, eta arratsaldean gainontzeko alderdiekin hitz egiteko asmoa dutela: «Ziur egon nahi dugu beste indar politikoen konpromisoa gurearen antzekoa dela». Eastwooden alderdiak, urteotan, blokeoa amaitzearen aldeko jarrera izan du.
Dena den, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak jakinarazi zuen ez zaiola geratuko hauteskundeetara deitzea beste aukerarik baldin eta alderdi politikoak ez badira ados jartzen datorren astelehenenerako. Ez da halakorik beharko.
Testuinguru berrian
Erresuma Batuko hauteskundeak egin eta hilabetera itzuli da Ipar Irlandako Gobernua. Boz haietan, Sinn Feinek eta DUPek boto asko galdu zituzten, SDLPren, Aliantza Alderdiaren eta UUPren mesederako, eta horrek agerian utzi zuen DUPentzat eta Sinn Feinentzat Ipar Irlandako Legebiltzarrerako bozak berriz egitea ez zela izango testuingururik egokiena. Azkenak 2017ko martxoan egin zituzten, eta Sinn Feinek inoizko emaitzarik onenak izan zituen: 27 eserleku, DUPek baino bat gutxiago.
Gainera, alderdien interesei gehitu behar zaie brexit-ak eta blokeo politikoak eragin duten ezinegona eta horrek guztiak bake prozesuan izan duen eragina. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren geroa kolokan dago, muga gogorraren mehatxuaren ondorioz, eta iragan mendeko gatazka armatuaren zantzuak agertu dira, tartean Lyra McKee kazetariaren hilketa, joan den apirilean. Hain justu, akordio horiek onartzen ez dituen IRA Berriak hil zuen.