Pandemia betean Osasun Ministerioa hirugarrenez eskuz aldatu ostean, beste hiru ministeriotan ere aldaketak egin ditu Jair Bolsonaro presidenteak. Orain arte Atzerri ministro izan den Ernesto Araujok atzo aurkeztu zuen dimisioa, azalpen gehiagorik eman gabe. Haren kargugabetzea eskatzen zuten askok aspaldidanik, baita agintean den eskuin muturretik ere, egozten baitiote Brasilen aliatu izan diren herrialdeekiko harremanak gaiztotzea, eta, ondorioz, COVID-19aren kontrako txertoak eskuratu ahal izatea zaildu izana.
Araujoren dimisioa eskatzen zuten ahotsen artean zegoen Senatuko buru den Rodrigo Pacheco. Gaur arte Atzerri ministro izan denak hitz gogorrak esan zituen Indiaren, AEBen eta Txinaren kontra, hirurak ere Brasilen aliatuak. Txinaren kasuan, gainera, zalantzan jarri zuen herrialde hark ekoitzitako txertoaren eraginkortasuna. AEBen kasuan, berriz, aurrez Bolsonarok berak egin bezala, zalantzan jarri zuen Joe Bideni garaipena eman zioten hauteskundeen sinesgarritasuna.
Defentsa Ministerioa zuzendu duen Fernando Azevedo e Silvaren kasua ez da horren argia. Azevedo e Silvak ez du azalpenik eman bere dimisioaren zergatiaz, eta ohar batean nabarmendu du Bolsonaro babesten jarraituko duela aurrerantzean ere. Haren ordez Walter Souza Braga Netto jeneralak hartuko du kargua, eta Atzerri Ministeriorako Carlos Alberto Franco França enbaxadorea hautatu du Bolsonarok.
Horiek, baina, ez dira aldaketa bakarrak izan. Justizia Ministerioa ere eskuz aldatuko da datozen egunetan, orain arte ministro izan den Andre Luiz de Almeida Mendonça Estatuko Abokatu lanetan hasiko baita laster —aurrez kargu horretan zen Jose Levik dimisioa eman zuen duela egun batzuk, gobernuarekin izandako «desadostasunen» ondorioz—. Hala, Anderson Gutsavo Torresek zuzenduko du aurrerantzean Justizia.
Estatuburuaren egoera ez da erosoa. Azken hilabeteetan pandemiak eragindako hildakoak ugaritu ahala, zabaldu dira haren aurkako kritikak ere. Askok leporatzen diote gaitzaren kudeaketa txarra egin izana, eta bada haren aurkako epaiketa politikoa eskatzen duenik ere oposiziotik. Oraingoz, Bolsonaro sendo dago bere karguan, baina, egoerak hobera egin ezean, babesak galtzen joan liteke, eta bigarren agintaldirako bidea zaildu —datorren urtean egingo dituzte presidentetzarako bozak—.