Presidentea eta lehen ministroa aurrez aurre jarri dituen konstituzio krisiari irtenbidea aurkitzearren, hauteskundeak aurreratzeko prest dela ohartarazi zion atzo Ranil Wickramasingheren gobernuak, Chandrika Kumaratunga presidenteari. Krisiak Tamil Tigreekiko bake negoziazioak arriskuan jar ditzakeela nabarmendu zuen Gobernuak.
«Herriak egiten izan garena sostengatuko duelaz ez dugu zalantzarik», esan zuen atzo G.L. Peiris Konstituzio Aferetarako ministro eta Gobernuaren eledunak. Peirisek hordagoa bota zion Kumaratungari: «Bake prozesuaren zuzendaritza zure gain hartu, edo ministroak beren postuetan berriz jar itzazu».
Artekarien bidaia berezia
Bake negoziazioak bertan behera gelditu izanaren inguruko esamesak gezurtatu zituen atzo Gobernuak. Izan ere, uhartera heltzekoak ziren prozesuan artekari gisa dabiltzan Norvegiako ordezkariak. Vidar Helgessen Atzerri ministrordea eta Erik Solheim ordezkari bereziak lehen ministroarekin biltzekoak dira bihar eta presidentearekin etzi. Gero LTTE Tamil-Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillako ordezkariarekin egongo dira.
Uhartearen iparraldean eta ekialdean tamilak gehiengo diren eskualdean estatu bat sortzeko 20 urte borrokan ari den LTTErekiko negoziazioa dago Kolonboko agintearen krisiaren muinean. Tamilekin bakea negoziatuko zuela aginduta, hauteskundeak irabazi zituen Ranil Wickramasinghek 2001. urtearen bukaeran. Gobernua Wickramasingheren alderdiaren esku dagoen bitartean, presidentetzak Kumaratungaren esku jarraitu du, eta elkarbizitza zaila sortu da. Joan zen astean, Legebiltzarra bertan behera utzi, eta negoziazioa zuzendu zuten hiru ministro kargugabetu zituen presidenteak, Sri Lankaren segurtasuna arriskuan jartzea egotzita. Gobernuak tamilekin sinaturiko su-etena «legez kanpokotzat» jo zuen presidenteak, bere sinadura ez daramalako.
SRI LANKA
Gobernua bozak aurreratzeko prest dagoela ohartarazi diote presidenteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu