Pakistango atentatu boladak ez du etenik. Gutxienez 40 lagun hil eta beste 60 zauritu ziren atzo Adelzai herrian, atentatu suizida baten ondorioz. Hileta batean otoitzean zeuden 150 pertsonen artean sartu eta bere burua lehertu zuen erasotzaileak, Pakistango Poliziaren arabera. Zaurituen artean zortzi eta bederatzi urte bitarteko umeak daude.
Iusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroak erasoa gaitzetsi eta Gobernuak «terrorismoaren minbizia» desagerrarazteko borondatea duela berretsi du. Adelzaiko hiletara joan zirenen artean bakerako batzorde deiturikoetako hainbat boluntario zeuden, Pakistango hainbat telebistek baieztatu dutenez. Batzordeok ekintzaile talibanei aurre egiteko miliziak dira, eta ez dute segurtasun indarrekin zerikusirik.
Herrialdearen ipar-mendebaldeko Khiber Pakhtunkhua probintzian ohikoak dira milizia horien kontrako erasoak, bereziki bertako kideak bildu edo ekitaldiren bat egiten dutenean. Peshauar da probintzia horretako hiriburua, eta handik 25 kilometrora dago Adelzai.
Milizien eta talibanen guda
Mezkiten eta bilera zibilen aurkako atentatuen ikerketek erakutsi dute talibanen erasoen xedea miliziak zokoratzea dela, horrela Afganistanekin muga egiten duen mendialdea kontrolatu ahal izateko. Bakerako batzordeak miliziak eta ekintzaile talibanak guda betean bizi dira. Pakistango agintariek miliziak babesten dituzte; alabaina, arrazoi ideologikoez gain, zonaldeko leinu paxtundarren arteko leialtasun korapilatsuek ere pisu handia dute bi aldeen arteko borrokan.
Pakistango Gobernuaren egonkortasuna haustea da Al Kaedaren nahi nagusia. Euren esanetan, Gilaniren gobernuak 2001ean George Bush AEBetako presidenteak abiatutako terrorismoaren kontrako gerra babesten du. Hori horrela, 2007. urtean, Al Kaedak jihadera deitu zuen Islamabadeko gobernuaren aurka. Harrezkero, 4.000 lagunetik gora hil dira atentatuetan, eta eraso gehienak segurtasun indarren edo bakerako batzorde milizien kontrakoak izan badira ere, gero eta ohikoagoa da hilen artean zibilak ere aurkitzea.
Azken asteotan ugaritu egin dira eraso suizidak, bereziki herrialdearen ipar-mendebaldean. Asteartean, 25 lagun hil ziren Faisalabaden gas estazio baten kontra egindako atentatuan, eta joan den otsailaren 10ean 31 soldadugai hil zituzten Mardan hirian. Gainera, Salman Tasir Punjabeko gobernadorea eta Shahbaz Bhatti Pakistango Gutxiengoen ministroa ere tiroz hil zituzten urtarrilean eta otsailean, hurrenez hurren. Biraoen kontrako legearen aurka agertu ziren biak, eta horregatik hil zituzten.
Atentatuen olatuak liberalen morala zulatu du. Soilik iaz, 2.913 lagun hil eta 5.824 lagun zauritu ziren talibanen atentatuen ondorioz. Hori horrela, Pakistango Alderdi Popularraren buruari islamismoaren kontrako neurri gogorragoak hartzeko eskatu diote alderdikide askok.
Gobernua ezegonkortzeko, atentatuen bolada areagotu dute talibanek Pakistanen
Gutxienez 40 lagun hil eta beste 60 zauritu dira Adelzai herrian, hileta baten kontra egindako eraso suizida baten ondoriozAl Kaedak 2007an gobernuaren kontrako jihada deitu zuenetik 4.000 zibil hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu